Ostalaritza araudi berritua uda aurretik sartuko da indarrean

Euskalerria Irratia 2016ko api. 27a, 08:29
Argazkia: Iruñeko tabernen irudi bat, bizilagun baten leihotik ikusita.

Iruñeko ostalariekin eta auzokideekin zazpi bilera egin ostean, gaur aztertuko ditu Urbanismo Sailak ekarpenak. Ekainerako araudia onartuta egotea da udalaren helburua.

Ostalaritza araudia berritzeko, esku artean dauzkate jada ostalarien eta bizilagunen ekarpenak Gobernu Batzordeko kideek. Maiatzerako atera nahi du testua batzordeak berak; ostean, udalak esposizio publikora aterako du, eta, amaitzeko, ekainerako onartuta egotea da xedea.

Denetarikoak dira landutako gaiak. Esaterako, aurreikus daiteke bilerek emandako iritziak medio, toki kopuruaren inguruko irizpideak aldatzea.

Bestalde, elkartutako elkarte gehienek ikusi dute "gainezka" dagoela Alde Zaharra, taberna gehiegi dauzkala, alegia. Horren aurrean irtenbide ezberdinak proposatu dituzte, baina.

Alde Zahar Elkarteak kale batzuk "gainezka dauden gune" gisa izendatzea beharrezkotzat jo du, eta "oso irekiera gutxi" baimentzea, beti ere horrenbeste ostatu ez dauzkaten kaleetan. Halaber, alkohola saltzen duten dendak 22:00etatik aurrera itxita egotea iradoki du; janari beroa salduz gero, 23:00 arte. Udalaren proposamena, berriz, da alkohola saltzen duten dendak 24:00etan ixtea, eta elikagaienak 01:00 arte.

Ez du begi onez ikusi Denda Txikien Elkarteak ordutegi muga, "dena txikien kontrako kolpea" izanen baitzen, haren irudiko. Bai proposatu duela, ordea, alkohol salmentaren gaineko "kontrol erreala".

Aisialdia, Atsedena eta Lana Plataformak jarrera murriztaileagoa hartu du: 22:00 jotzeko dendak itxita egon daitezen nahi du. Lizentziei dagokienez,  "gehiegizko taberna kopurua" ez dagoen zonaldeetan, lizentziak banatzea positiboki baloratu du.

Alde Zaharrean Bizirauten taldeak dioenez, "eskasak" dira proposatutako neurriak. Lizentziarik ez ematea. Hori da haren formula. Bestelako neurriekin bateratu nahi du, gainera: "kalean edatea, pixa egitea eta kalea zikintzea debekatzea".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!