Kaleratzeak ekiditeko 6 orduko lanaldiak proposatu ditu CGTk TRWn

Euskalerria Irratia 2016ko mar. 7a, 08:34
CGT sindikatuko ordezkariek lanaldia murrizteko proposamena jarri diote zuzendaritzari mahai gainean. Arg: cgt-lkn.org

Sindikatuak enpresari egin dio proposamena. Langileak kaleratu ordez, lanaldia jaisteko eskakizuna planteatu du CGT-LKN sindikatuak.

Beste herrialde batzuetako esperientziei begiratuta sei orduko lanaldiak zein eraginkorrak izan daitezkeen azaldu die TRWko enpresa komiteko CGT-LKN sindikatuak multinazionaleko zuzendaritzari. Horrez gain, Landabengo lantokian ez litzateke kaleratzerik izanen.  Lanaldia eguneko 8 ordutik 6 murrizteko proposamena da finean. Modu horretan, enpresak mahai gainean duen 123 kaleratzeko lan erregulazioa ez litzateke gauzatu beharko.

Proposamena ordea ez dute aintzat hartu zuzendaritzako kideek. Nahiago izan dute kaleratzeekin aurrera segitu langile zenbaiten planteamendua aztertu baino: "Ez digute arrazoi bat bera ere eman gure proposamena ez onartzeko", azaldu du Eneko Paez CGT-LKN sindikatuko ordezkariak TRWn. Salatu dute, langileak kaleratzea lehenetsi dutela. Gainera, lanean segituko dutenen lan baldintzak okerrera eginen dute "Lan zama handiagoa izanen dute lan talde txikiagoan arituta ere".

Kostu sozialean aurreztea baino, bestelakoetan soa jartzea da proposatzen diena CGT-LKNk: tresneria, erosten diren produktuen kostuak aztertu eta egokitu eta beste. Langileek begi onez ikusi dute lanaldia murrizteko proposamena eta enpresak halako proposamena eginen balu onartuko luketelakoan daude CGT-LKNn.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!