Los Arcosko Udalak 1,1 milioi eurotako zorra duela esan du Kontuen Ganberak

Euskalerria Irratia 2016ko mar. 2a, 11:00

Zorra izateaz gainera "zailtasunak" ditu egiteke dituen ordainketak kitatzeko.

Kontuen Ganberak egin duen ikuskaritzatik ateratako datuak dira: 1,1 milioi eurotako zorra du Los Arcosko Udalak, altxortegia zenbaki negatibotan dute eta zailtasunak dituzte ordainketak egiteko. Egoerari irtenbidea emateko finantziazio plana abian jartzeko gomendioa egin dio Helio Robleda buru duen Kontuen Ganberak. Batez ere, ordaintzeke dituenak lehen bai lehen kentzeko aukera emanen dion plana diseinatzeko beharra nabarmendu du.

Txostenaren arabera 2014an 1,9 milioi euro gastatu zituen udalak (700.000 euro inbertsioetan, 670.000 euro zerbitzu eta ohiko gastuetan eta 500.000 euro langileen gastuetarako) eta 2,1 milioi euroko diru-sarrerak izan zituen.  Inbertsio nabarmenena kale nagusiko zoladura izan zen: 600.000 euro. Lan horiek 2015ean egin baziren ere, horiek loturiko gastu eta diru-sarreren kontabilizazioa 2014ra aurreratu zen.

Diru-sarrerei dagokienez, ohiko eta kapital transferentziek milioi bat egin zuten, eta zuzeneko zergen bidez milioi erdia bildu zen. Gainerakoa ondare bidezko sarrerak eta komunalenak dira (150.000 euro), eta prezio publikoak (142.000 euro).

Udalaren kontu orokorrak ongi islatzen ditu ondare eta finantza egoera eta aurrekontu emaitza. Badira, hala ere, txostenak aipatzen dituen salbuespen batzuk. Los Arcosko Udalaren finantza jarduera legediaren araberakoa bada ere, badira irregulartasun batzuk aurrekontu eta kontuak eramateko moduan.

Finantza egoeraz, aipatzekoa da udalaren ohiko diru-sarrerak gastuak baino handiagoak direla. 2014ko amaieran, 1,1 milioiko zorra zuen, diruzaintzako gerakina negatiboa zen, eta udalak arazoak zituen ordainketak garaiz egiteko.

Hau dena ikusita, Kontuen Ganberak finantza plan bat egiteko beharra azpimarratzen du, egoera zuzendu eta ordainketak garaiz egin daitezen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!