'Nafar Enpresa eta Diseinua' jardunaldiak eginen ditu NUPek otsailaren 22tik 26ra

Euskalerria Irratia 2016ko ots. 10a, 13:36

Ikasleei zuzendutako adituen lau hitzaldi eta beste hainbeste sormen lantegi eskainiko dituzte, Tuterako campusean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak haren webgunean eman du jardunaldien berri:

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Nafar Enpresa eta Diseinua izeneko VI. jardunaldiak (END6) egingo ditu otsailaren 22tik 26ra Tuterako campusean. Jardunaldien xede da diseinuaren praktika eta esperientzia hurbiltzea ikasleei eta publiko osoari. Topaketa honetan adituek emandako hitzaldiak eta ikasleei zuzendutako lau sormen lantegi egingo dira, beren sormena garatzeko tresnak eta teknikak eskura ditzaten. Jardunaldi hauetako inskripzioa doakoa da, eta jardunaldien webgunean egingo da. Programa osoa webgunean dago.

Jardunaldien barruan, otsailaren 23an, hitzaldi saio bat egingo da. 16:00etan hasiko da, eta  Carmelo Puyo NUPeko Tuterako campuseko Ingeniaritzako Adierazpen Grafikoko irakasleak eta ekitaldiaren antolatzaileak egingo du aurkezpena. Lehenengo hitzaldiaren izenburua "Diseinua enpresen sorreran eta hazkundean" da, eta María Sanz de Galdeano NBEEZko (Nafarroako Berrikuntza eta Enpresen Europar Zentroa) koordinatzaileak emango du.

Bigarren hitzaldiaren izenburua "Diseinua eta txigorkia olioarekin eta tomatearekin" da, eta  Adrián Larripak emango du, LarripaStudio, duela hiru urte Iruñean sortutako diseinu eta berrikuntza aholkularitzaren zuzendari eta sortzaileak.

Jarraian, Aitor García de Vicuñak, Aguraingo  (Araba), AGV Estudio industria diseinuko enpresaren sortzaileak,  “Unibertsitatetik nazioarteko diseinura” izenburua duen hitzaldia emango du.

Azkenik, Sison Pujolek, Bartzelonako Nomon Design-en zuzendari nagusiak, azken hitzaldia emango du, zeinaren izenburua “Diseinuarekin hazten: diseinatzailea enpresen bazkide estrategiko gisa”.

Ikasleentzako lantegiak

Aldi berean, ikasleei zuzendutako lau sormen lantegi programatu dira. Lehen lantegia otsailaren 22 eta 23an egino da, eta bere izenburua "Produktu diseinua + lean startup" da. Bere xedea da ziurtasunik gabeko inguruneetan produktu berri eta zerbitzu berritzaileak nola diseinatu eta abian jarri behar diren erakustea. Álex Ochoa Klap-diseño Barakaldoko (Bizkaia) industria sormeneko laborategiaren sortzaileak emango du. Laborategiak jaso ditu sari batzuk.

Horretaz gainera, Javier Vidorreta Vidorreta Design Tuterako enpresaren sortzaileak bi lantegi emango ditu. Otsailaren 24an, "Kontzeptu marrazketa: teknika tradizionalak" izenekoan, produktu diseinuan (“sketching”)  aplikatutako lerro marrazketako eta esku hutsezko marrazketan teknika tradizionalen (lapitzak, bolalumak eta errotuladoreak paperaren gainean) erabilerari buruzko nozio aurreratuak emango ditu. Biharamunean, otsailaren 25ean, "Kontzeptu marrazketa: teknika digitalak" izenekoan, teknika digitalen (Photoshop tableta grafikoarekin) erabilerari buruz arituko da, eta hainbat akabera (planoak, artistikoak, foto-errealistak...) sortuko ditu eskaneatutako lerro marrazkietan oinarrituz.

Azkenik, Ángel Jarabak, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko (TIIGMET) teknikariak NUPen Tuterako campusean, zeramika materialak aztertuko ditu hiru saiotan, otsailaren 24, 25 eta 26an. Zehazki, diseinuak egiteko teknika ohikoenak deskribatuko ditu hutsunean buztin hezearekin osatuz eta moldatuz, lantegian ohikoenak diren materialak eta fabrikazio fase nagusiak barne hartuz zeramikazko material konposatuekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!