Euskarazko eta gaztelaniazko azterketak egun desberdinetan eginen dituzte Hezkuntzako oposizioan

Euskalerria Irratia 2016ko ots. 10a, 12:49
Jose Luis Mendoza Hezkuntza Kontseilaria.

200 plaza izanen dira ekaina eta uztaila bitarteko azterketetan jokoan izanen direnak: horien artean 108 euskaraz eta 92 gaztelaniaz. Horixe da Nafarroako Gobernuak onartu duen Hezkuntzarako Lan Eskaintza Publikoa.

Bi azterketa egun izanen dira Hezkuntzako Lan Eskaintza Publikoan. Horietako bat euskaraz eta bestea gaztelaniaz. Gobernuak berretsi du gaur 200 plaza direla eskainiko dituztenak: 108 euskaraz eta 92 gaztelaniaz. Erabakia hartzeko garaian, "berme juridikoa, irizpide teknikoak eta enplegu egonkortasuna" hartu dituzte kontuan Ana Ollo bozeramalearen esanetan.

Lan Eskaintza partziala dela ere onartu dute Gobernuko kideek. Ollorekin batera, Mari Jose Beaumont Barne Kontseilaria eta Hezkuntzakoa, Jose Luis Mendoza izan dira. Eta aurreratu dute, Espainiako Gobernuak jarritako helegitearen inguruko erabakia aldekoa bada, aurrerago aterako dituztela gainontzeko 120 lanpostuak.

Uneotan eta egungo baldintzak zeintzuk diren kontuan hartuta, aurkeztu daitekeen eskaintza bakarra dela dio Mendozak.

Banaketa espezialitateka

Pedagogia terapeutikorako 50 izanen dira gaztelaniaz eta 20 euskaraz; A ereduan euskara irakasteko 35 plaza; inglesa irakasteko 25 euskaraz; gorputz heziketarako gaztelaniaz 16 eta 10 euskaraz; musikarako 16 gaztelaniaz eta 10 euskaraz.

Galderak iritsi zaizkie gero kontseilariei. Galdetuta, espezialitateka azterketarik egiterik ba ote den, Mendozak erantzun du, beste inon ez dela egiten oso konplexua litzatekeelako hori eta denboran asko luzatuko litzatekeela.

Gobernuaren babesa ote duen galdetu diote Hezkuntza Kontseilariari. Esan du, bere kudeaketaren gainean zalantzak agertu izan balitu Gobernuak, utzi eginen lukeela postua. Ez nago traba edo oztopoak jartzeko, esan du.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!