Parlamentarien mahai ingurua: Lan Eskaintza Publikoak aldaketaren gobernua pitzatu du

Euskalerria Irratia 2016ko ots. 10a, 14:03
Maria Solana, Bakartxo Ruiz, Juan Kruz Lakasta, Joseba Ezeolaza eta Ainhoa Aznarez, gaurko solasaldian

>Ruiz (EH Bildu): "Gaizki abiatu zen kontua [LEP], eta okerrago amaitu da. Nafarroako Gobernuak har zezakeen erabakirik okerrena hartu du".
>Solana (Geroa Bai): "Helegitea ez balego, hasierako proposamena onartuko litzateke".
>Ezeolaza (Ezkerra): "Bilduren euskara normalizazioa eta gurea ez dira berdinak".
>Aznarez (Ahal Dugu): "Kontseiluan eragile ezberdinak dauzkagu; eragile horiek esan dezake zer egin zerrenda horrekin [zerrenda bakarra]".

Juan Kruz Lakasta kazetariaren gidaritzapean, gori-gori dauden gaiak jorratu dituzte Geroa Baiko Maria Solana, EH Bilduko Bakartxo Ruiz eta Ezkerrako Joseba Ezeolaza parlamentariek eta Ahal Duguko kide eta Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezek.

Lan Eskaintza Publikoa. Denen ahotan dauden hiru hitz. Hautsak harrotu ditu, beste behin, polemikari ihes egin ezinik dabilen gaiak. Espainiako helegitea dela-eta "hartu da hartu den erabakia", Solanaren hitzetan; hori gertatu ez balitz, egoera bestelakoa litzatekeela iradoki du. "Argi daukat helegitea ez balego, hasierako proposamena onartuko litzatekeela". Eta zehaztapen bat egin du: "Guk ontzat eman genuen proposamena atera zen egun berean, nahiz eta kritikatu genuen nola eman zen jakitera". Komunikatzeko eran ikusi zuen soilik Geroa Baik arazoa, esan duenez.

Ruiz, gai beraren karietara, ez da hitz-erdika aritu: "Gaizki abiatu zen kontua [LEP], eta okerrago amaitu da. Nafarroako Gobernuak har zezakeen erabakirik okerrena hartu du". Espainiak jarritako helegitearen erroa ulertzeko gakoak eman nahi izan ditu, izan ere, helegitea jarri izana "ez da kasualitatea", are gehiago, "UPNK eta PPk eragin zuzena" izan dute, exekutiboak badu, ordea, errutik ere, haren hitzetan. "Gobernuak aukera baliatu du arazotxoak sortzen zituzten plaza horiek paretik kentzeko". Eta galdera ehundu du: "Zergatik baliatu dira, gain zuzen, 120 euskarazko plaza horiek?".

Solanak esan du aurrera egin duen Lan Eskaintza Publikoa ez dela Geroa Baik aterako lukeena: "Hau Geroa Bairen Gobernua balitz, gaur onartu behar dena ez genuke onartuko". Eta, orduan, erantzuna josi du Ruizek, "erosoa" iruditu baitzaio Solanak esandakoa. "Badago ebidentzia bat, Maria. 26 parlamentariok hartzen dituen gobernuan, hamazazpi parlamentariok ez dugu babesten hartu den eta hartuko den erabakia. Beraz, gobernua zeren baitan ari da erabakiak hartzen?".

Eskubideei diskriminazioa deitzea

Zerrenda bakarra ardatz ez da adostasunik izan. Espainiako Estatuko gainontzeko komunitatean deialdia zerrenda bakarrekoa den arren, Nafarroak "beste errealitate soziolinguistiko bat" duela argudiatu du Ezeolazak. Justua deritzo euskaldunek bi azterketa egin behar izateari. "Bilduren euskara normalizazioa eta gurea ez dira berdinak", esan du.

Aznarez erabaki irmorik gabe mintzatu da, Ahal Dugun "lanean" ari baitira gaiaren inguruan, eta jarrera "oraindik jorratzen". Irtenbide berri bat proposatu du, dena dela: "Kontseiluan eragile ezberdinak dauzkagu; eragile horiek esan dezakete zer egin zerrenda horrekin", iradoki du. Gauzak horrela, bi azterketa egitekotan, egun ezberdinetan beharko luketela azpimarratu du; espezialitateen datak ere batera ez izatea aldarrikatu du.

Ruizek esan du, txar txarrenean, zerrenda bakarra ezean, azterketa bi egunetan egitea "urrats bat dela", haatik, ñabardura ez zaio ahantzi, "urrats txikia, partxe bat" da. "Hor ez duzu euskaldunok pairatu dugun bereizkeria gainditzen. Euskaldunoi ari zara ahalegin bikoitza eskatzen". Espainiako gainontzeko erkidegoekin alderatu du egoera. "Beste erkidego batzuetan alderdi sozialistak eta CCOOk babesten dutena ez dugu ulertzen zergatik ez den posible Nafarroan. Ez da ulergarria".

Galdera erretorikoa erabili du Solanak: "Zerrenda bakarra ez da diskriminazio positiboa. Beste komunitateetan posible bada, zergatik ez Nafarroan?". Lan Eskaintzaren izaera aldatzen ari dela ziurtatu du, ildo berean. "Guk LEP teknikoa defendatu dugu, eta orain LEP politiko batera goaz".

Zer ote kontsentsua?

"Agian kontsentsua oso zaila da; agian kontsentsua da ulertzea tokatuko zaigula batzuetan amore ematea". Solanak esan du, gainontzeko alderdiei erreferentzia eginez.

Eta luzatutako sokari egin dio tira Ruizek, Solanarekin bat: "Gauza batzuetan ez dugu kontsentsua lortuko, baina beste talde batzuekin legez batzea gobernuari kontra egiteko ez da kontsentsua". Ez da nolanahiko esana, prentsak argitaratu baitu aste honetan Ezkerra PSNrekin bildu dela LEParen aurkako legea egiteko, parlamentuan aurrera ateratzeko xedez.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!