Berdintasun politikak hobetzeko legea egiten ari da exekutiboa

Euskalerria Irratia 2016ko ots. 5a, 13:28

Podemosen jabeldura bati erantzunez, Ollo kontseilariak azpimarratu egin du Gobernuak Administrazioaren eremutik haragoko zeregin bat betetzeko konpromisoa hartu duela.

Nafarroako Parlamentuaren testua.


Podemos-Ahal Dugu taldeak Parlamentuko kontroleko osoko bilkuran egindako jabeldurari erantzunez, Ana Ollok esan du "politiken ardatz gisa genero-zeharkakotasuna" sartu beharra dagoela. Bide horretan Nafarroako Berdintasunerako Institutua berreskuratu dela eta aurrekontua handitu zaiola azpimarratu du.


Ana Ollok adierazi du, zehazki, institutu horrek 2,2 milioi euroko aurrekontua duela 2016rako, oraindik ere "urria", baina aurreko aurrekontuan jarritako 1,4 milioien aldean hazi egin dela. "Inoiz utzi behar ez zen bidera itzultzen hasi gara", erantsi du.


Gobernua garatzen ari den ildoetako batzuk aipatuz, kontseilariak zehaztu du plan bat abiarazi dela, Gobernuko departamentu bakoitzean unitate eskudun bat arduratu dadin berdintasuna Administrazioaren egituran txertatzeaz.


Gobernuaren proiektu guztietan genero-eraginari buruzko txostenak egiteko ardura duten langileei aholkularitza eta prestakuntza emateko lana ere egiten ari da Gobernua.


Gainera, Ana Ollok azaldu duenez, toki erakundeekin elkarlanean, berdintasunaren aldeko udalen sarea garatzen ari da.


Kontseilariak esan du, halaber, berdintasunaren aldeko lanak Administrazioaren esparrua gainditu behar duela, eta horretarako indartu eta hedatu eginen dela gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari buruzko ezagutza.


Tere Saezek (Podemos-Ahal Dugu) aitortu du Gobernuak jada urratsak egin dituela eta berdintasun politikak "berreskuratzeko" ahalegina egin dela, baina kapitulu horretarako diru kopurua "Gobernuaren aurrekontu osoaren 0,07" baino ez izatea deitoratu du.


Tere Saezen esanetan, "berdintasun politika publikoak dira konponbide eta txerto bakarra, Nafarroako gizartean gaur egun giza eskubideen urratzerik larriena den indarkeria matxistari aurka egiteko. Indarkeria matxista da gizartearen defizit demokratiko nagusia: nola edo hala emakume guztioi eragiten digu, eta biztanleen %51 gara".


Ana San Martín (UPN TP) aurrekoekin bat etorri da esatean berdintasuna sustatzeko neurriak hartu beharra dagoela, "Konstituzioak berdintasuna aldarrikatzen duelako. Nafarroan urrats garrantzitsuak egin dira, hala nola Aukera Berdintasunari buruzko Foru Legea, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Foru Legea edo aukera berdintasunerako lehen plana, 2006-2010 bitartekoa. Hala ere lanean jarraitu behar da modu ordenatu eta planifikatuan".


María Solanak (Geroa Bai PT) azpimarratu du Gobernua dagoeneko lanean ari dela berdintasun politiketan, baina oraingoz aurrekontua urria dela aitortu du. "Oso argi daukagu aurrekontu horniduraren beharra dagoela berdintasun politikak egiteko, baina zenbakiak bezain garrantzitsua da alderdi kualitatiboa. Izan ere, Gobernuaren politikaren barruan berdintasun politikak zeharkakoak izatearen balioa nabarmendu behar dugu".


Bakartxo Ruizek (EH Bildu PT) aitortu egin du Gobernua "pausoak ematen" ari dela, eta, Geroa Bairekin bat etorriz, esan du "zenbakietatik harago kontu kuantitatiboa ere" badela. "Ehuneko 35 gora eginda 2016ko aurrekontuak urriak badira, zer ez ote ziren izanen 2015ekoak", nabarmendu du.


Nuria Medinak (PSN PT) adierazi duenez, "aurrerapen asko ikusi ditugu azken urte hauetan, baina asko dira emakumeen herritartasunaren egikaritze osoa oraindik finkatuta ez dagoen egoerak. Gobernuaren akordio programatikoa motz samar gelditzen da nire taldearen aldarrikapenen aldean”.


Javier Garciak (PPN FPE) esan du bere taldea "beti" prest dagoela genero indarkeriaren aurkako borrokara bideratutako edozein jarduketa babesteko, "beharbada giza eskubideen urratze lotsagarriena baita", eta deitoratu egin du Parlamentuari zenbaitetan halako interes bat antzematen zaiola "gai honekin politika egiteko; baina ez da ez ezkerrekoa ez eskuinekoa, guztiok batera aurre egin behar diogun zerbait baino".


Marisa de Simonen (Izquierda-Ezkerra FPE) esanetan, "berdintasunaren aurka jokatu behar da, aurrera egin delako, baina ez behar adina. Berdintasun handiagoa eta gizabanakoen nahiz taldeen erantzukizun handiagoa behar dira, ez dago beste modurik indarkeria matxistaren gaitza ezabatzeko".

Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok adierazi du Foru Gobernuaren helburu dela "berdintasun politikak politika publiko guztien parte izan daitezen bermatzea, eta horretarako foru lege berri bat prestatzen ari da".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!