Lan Eskaintza Publikoan euskarazko 120 lanpostu atzeratuko ditu exekutiboak

Euskalerria Irratia 2016ko ots. 5a, 08:45

"Ziurtatutako lanpostuak" baino ez ditu aterako Nafarroak, Espainiako helegite bat medio. Euskarazkoak dira kaltetutako lan eskaintza bakarrak. Ez dute zerrenda bakarra kaleratuko.

Osotara, beraz, 108 postu aterako dituzte euskaraz eta 92 gaztelaniaz. Erabaki irmoa datorren astean jakinaraziko duten arren, sindikatuekin izandako bileran horixe da Luis Mendoza Hezkuntza kontseilariak proposatu duena.

Espainiak auzietara eramandako oposizioetan du arazoak iturburua. UPNk 2013an,2014an eta 215ean ateratako 358 lanpostu kolokan leudeke, Espainiako Estatuak aurkeztutako helegitea tramitera onartu eta aprobatuz gero. Izan ere, pertsona horiek plaza galduko lukete, eta, beraz, zehaztugabea da zenbat langile beharko liratekeen. Auzia argitu bitartean, "ziur" beharko diren plazak bete nahi ditu exekutiboak. Horregatik, atzeratu eginen ditu euskarazko 120 irakasle lanpostu eta hamalau ikuskari postu.

Gobernuak orain mahai gainean jarri duen proposamenak CCOOk kaleratutako eskakizunen antza du.

Bestalde, exekutiboak ez du onartu sindikatu abertzaleek eskatutakoa: zerrenda bakarra egitea.

Nola banatuko dira postuak?

Horrela geratuko litzateke Lan Eskaintza Publikoa, argitara eman diren datuak oinarri.

Hizkuntza emateko plazak: euskarazko zortzi eta gaztelerazko hamalau.

Gorputz Hezkuntzarako: hamar, euskaraz; gaztelaniaz, hamasei.

Musikan: hamar, euskaraz; eta gaztelaniazko hamabi.

Pedagogia terapeutikoan: hogei, euskaraz; gaztelaniaz, 50.

Ingelesez 20 eskainiko dituzte euskaraz.

Euskara emateko, aldiz, 35 plaza egonen dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!