Hezkuntza eta Suhiltzaileen lan eskaintzak airean daude Espainiaren helegite batengatik

Euskalerria Irratia 2016ko ots. 3a, 09:29

UPNk hezkuntzarako, suhiltzaileetarako eta osasunerako egin zituen oposizioak auzitara eramanen ditu Madrilek. Aurtengo oposizioak kolokan daude erregionalisten kudeaketaren ondorioz.

Kea dario Lan Eskaintza Publikoari. Sutan dago gaia. Hizkuntzaren karietara piztutako eztabaida nahikoa ez, eta 2013an, 2014an eta 2015an UPNk egindako oposizioak ezbaian jarri ditu Espainiako Estatu abokatuak. Ez omen dira behar bezala egin.

Kontua, gainera, ez da atzera begirakoa soilik: oraingo deialdia mugatu dezake orain urte batzuetakoak behar bezala egin ez izanak. Epaitegiak aztertu behar du orain helegitea tramitera onartuko ote duen.

Zenbakiei dagokienez, asko dira ezbaian gera daitezkeen lanpostuak: hezkuntzako 134; hamar, suhiltzaileenak; eta 120, osasun arlokoak.

Hezkuntzako LEP noraezean

Luis Mendoza Osasun kontseilariak UPNren "kudeaketa kaxkarra" oroitarazi du. Gaur zen aurkezteko Hezkuntzako LEP, baina, gertatutakoa gertatuta, ez dago oso argi zer gertatuko den.

Suhiltzaileen deialdiari dagokionez ere egon badago premia, izan ere, martxan dago jada azterketa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!