Sigma Brakes Tuterako lantegia hustu egin dute bart sutea piztu baita, Nafarroako Gobernuak ohar batean jakinarazi duenez. SOS Nafarroak 00:19an jaso du sutearen berri, 112 telefono zenbakian deia jasota. Makinetako batek su hartu du, eta badaezpada, gaueko txandan zeuden langileak atera dituzte, kea pilatu baita lantegian.
Kalteak txikiak izan dira, su hartu duen makina baino ez delako kaltetu. Tuterako suhiltzaileek minutu gutxian itzali dute sua, eta 01:24rako langileak barruan ziren, fabrika ondo aireztatu eta karbono monoxidoko maila normala zela egiztatu ondoren.
Foruzaingoak ikerketa zabaldu du sutearen nondik norakoak argitzeko.
Balazta-pastillak egiten ditu Tuterako Montes del Cierzo industrialdean dagoen enpresa honek.