Haur Hezkuntzako 10.200 ikasle parte hartzen ari dira fruta kontsumitzeko eskola-kanpainan

Euskalerria Irratia 2015ko aza. 26a, 20:20
Irurtzungo Atakondoa ikastetxeko haurrak, fruta jaten.

Ekimen honek 50.000 euroko aurrekontua du. % 25 Nafarroako Gobernuak finantzatzen du, Osasun eta Landa Garapeneko departamentuen bidez eta gainerako % 75 Europar Batasunak jartzen du.

133 ikastetxetako Haur Hezkuntzako 10.200 haurrek jaten dute fruta egunotan beren ikastetxean, Nafarroako Gobernuak elikagai horien kontsumoa sustatzeko egindako eskola-kanpainaren barnean, eta Europar Batasunak kofinantzatutakoa. Ekimen hori gaur goizean aurkeztu da Irurtzungo "Atakondoa" Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoan; 3 eta 6 urte arteko ikasleak daude bertan.

"Fruta eskolan" programa azaroaren 16an hasi zen eta abenduaren 18an amaituko da. Lau aste hauetan, haur bakoitzari hamaika fruta banatuko zaizkio, sagarrak, udareak, bananak, laranjak eta mandarinak nahastuta. Lehen hiru asteetan, astean hiru ale banatuko dira, eta bi errazio azken astean. Errazio bakoitzak 150 gramo pisatzen du. Guztira, 20.000 kilo banatuko dira.

 

Ekimen honen helburua, halaber, ikasleak landa eta nekazaritzako mundua ezagutzen eta apreziatzen hastea da, produktu fresko nahiz tokikoak kontsumitzen has daitezen. 50.000 euroko aurrekontua du, eta kopuru horretatik, % 25 Nafarroako Gobernuak finantzatzen du, Osasun eta Landa Garapeneko departamentuen bidez. Gainerako % 75 EBak jartzen du.

Aldi berean, Caixa Fundazioak eta AN Fundazio Kooperatiba Taldeak ekimen bat garatzen ari dira fruta eta barazkien kontsumoa etxeetara zabaltzeko, haurrei etxera eramateko elikagai gehiago banatuz: fruta eta brokolia. Kasu honetan ere, barazki hori etxean prestatzeko errezeta erraz bat sartzen da.

Aurkezpen-ekitaldian honako hauek parte hartu dute: Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusi Ignacio Gilek; Nafarroako Caixa Bankeko Oscar Insausti eta José Luis Larríu zuzendaritzako kideek; AN Fundazioa Taldeko zuzendari Maite Muruzabalek eta ikastetxeko zuzendari Silvia Sanchezek.

Fruta eta barazkia kontsumitzearen onurak

Programa honen helburua ikasleen artean fruta eta barazkien kontsumo-maila hobetzea da, eta haurtzarotik kontsumo osasungarriko ezagutzak eta ohiturak eskaintzea; horrek guztiak obesitateari eta hari lotutako gaitzei aurre egiten laguntzen du. Alde horretatik, aipatu beharra dago ikerketa askok fruta eta barazkien nutrizio-onurak frogatu dituztela, eta dietan frutak eta barazkiak sartu behar direla, haurren dietetan bereziki.

Ebidentzia argiena da elikagai horien kontsumoak obesitateari aurre egiten diola. Azken datuen arabera, 15 urtetik beherako Nafarroako biztanlerian % 71k pisu egokia duela ikusi da, % 20k gehiegizko pisua, % 8k obesitatea eta % 1ak argaltasuna. Gainera, fruta eta barazkiak jateak gaitz infekziosoei aurre egiteko ahalmena areagotzen du. Oro har, pertsona bakoitzak egunean 5 fruta eta barazki-errazio kontsumitzeko gomendatzen da, aldaketa txiki batzuk eginez fruta eta barazkien arabera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!