Omenaldi hunkigarria Mikel Zabalzari

Euskalerria Irratia 2015ko aza. 23a, 17:54

Senitartekoak, lagunak eta ordezkari politikoak izan ziren Garraldan larunbatean Mikel Zabalzaren omenaldian, hil zutenetik 30 urte pasata. Nafarroako Gobernua lehen aldiz bertan izan da. Ahotsa.infok ekitaldiaren bideoa argitaratu du.   

30 urte pasa dira Zabalza desagertu eta hilik agertu zela. Guardia Zibilak atxilotu zuen, desagertu egin zen gero eta oraindik argitu gabeko egoera baten ondorioz hil zen.

Garraldako kiroldegia mukuru bete zen larunbatean. Lehen aldiz Nafarroako Gobernuaren ordezkaritza izan zen omenaldian: Uxue Barkos presidentea, Ana Ollo kontseilaria eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda- Ezkerrako kideak.

Mikel Zabalza Gogoan Herri Ekimenak antolatutako omenaldia izan zen larunbatekoa. "30 urtean lehen aldiz hartu du parte Gobernuak" nabarmendu zuten antolatzaileek. "Egia, justizia eta aitortza" behar direla ere azpimarratu zuten bertaratutakoek.

"Zauria oraindik egun itxi gabe dago", azaldu zuten senitarteko eta lagunek. Nahiz eta 30 urte joan diren gertaera haietatik gertatu zena jakin gabe daudela gogorarazi zuten. Bertsio ofizialak dio ibaian itota hil zela. Bertsio hori senitartekoek eta lagunek inoiz ez dutela sinetsi jakinarazi zuten beste behin. Guardia Zibilaren eskuetan hil zela uste dute, torturatua.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!