Madrilgo Nafarren San Fermin elizan Frankori egindako omenaldia gaitzetsi du parlamentuak, aho batez

Euskalerria Irratia 2015ko aza. 23a, 12:31

Geroa Bai-k, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak aurkeztu dutegaitzespen mozioa. Erriberrin egindako bozketan onartu dute. Bideoan, igandeko meza ikusgai, Gara egunkariko Alberto Pradillak grabatua.

Adierazpen instituzionalean hiru puntu jaso dituzte aldaketaren lau alderdiek. Lehehenengoan, Madrilgo Nafarren San Fermin elizan ostiralean izan zen omenaldi faxista errefusatu dute, "bakearen, elkarbizitzaren eta giza eskubideen defentsaren kontrakoa" izateagatik. Bigarrenean Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzari eta Espaniako Barne Ministerioari ekitaldi horretan deliturik izan ote zen ikertzeko eskatzen dute. Hirugarren puntuan lau alderdien akordioa Madrilgo Artzapezpikutzari, Nafarroan Espainiako Gobernuak duen ordezkaritzari eta Nafarren San Fermin kongregazioari helaraztea adostu dute.

Aldaketaren lau alderdiek adierazi dute frankismoan hildakoen eta euren senideen memoria iraindu zela ekitaldi horretan, eta Espainiako segurtasun indarrek horren aurrean ezer ez egitea onartezina dela.

Azaroaren 20an Francisco Franco diktadorearen eta Jose Antonio Primo de Rivera Falangeko sortzailearen heriotzen urteurrenaren harira egin zen omenaldi faxista, meza batean. Francoren aldeko ohiuak bota zituzten eta mezaren aurretik, meza bitartean eta ostean bandera eta ikur faxistak erakutsi zituzten. Madrilgo Artzapezpikutza jakinaren gainean zegoen eta ez zuela debekatu azpimarratu dute proposamena bultzatzen duten lau alderdiek. Are eta gehiago, azpimarratu dute Espainiako Polizia han zela eta gertatutako guztiaren berri izan zuela.

Mezan aldarean San Ferminen irudi bat zegoela nabarmendu dute gaitzespen proposamena aurkeztu dutenek. Azaldu dute Nafarren San Fermin kongregazioak lotura duela Nafarroarekin, prefektua Fernando Aizpun Viñez delako, Jesus Aizpun Nafarroako diputatu izan zenaren semea. Kongregazioaren bokalen artean, Pedro Maria Tanco dago, PPren Kongresurako zerrendan 21. hautagaia.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!