Beste erkidegoek baino %58 gehiago birziklatzen du Nafarroak

Euskalerria Irratia 2015ko urr. 13a, 08:56
Bost edukiontziak.

Espainiako erkidegoetan biztanle bakoitzak 12 kilo birziklatzen ditu urtero, Nafarroan 19.

Gehien birziklatzen duen erkidegoen artean dago Nafarroa. Ecoembes enpresak egindako ikerketa baten datuek diote hori. Enpresa horrek 1998tik edukiontzi horiak eta urdinak koordinatzen ditu Espainian eta beste Europako beste zenbait herrialdeetan. Birziklatzeko prestutasuna ere neurtu du Ecoembesek bere ikerketa. Nafarren %94 prest dago sortzen den zaborra bereizteko. Espainiako erkidegoetako bizilagunen prestutasuna %80koa da txosten horren datuek agerian utzi dutenez. 2014an Nafarroak 19.117 tona ontzi birziklatu zituen, hau da, herritar bakoitzak 19,4 kilo ontzi birziklatu zituen eta 34,2 kilo kartoi zein paper. Espainiako erkidegoetako bataz bestekoa txikiagoa da: 12 kilo ontzi bereizi zituen herritar bakoitzak iaz. Nafarroan gehiago birziklatzeaz gainera hobeki bereizten dela ere jaso du ikerketak: “Nafarrek akats gutxiago egiten dute bereizketa prozesuan”, azaldu du Ecoembes enpresako zuzendari Antonio Barronek.  

Zalantzak izaten dira bereizketa egiterakoan. Nafarroan akats gutxiagorekin birziklatzen da. Espainiako erkidegoetako biztanleek oker bereizteko joera %28koa da, Nafarroaren kasuan %19koa. Zerk eragin du baina, zalantza gutxiago izatea bereizteko garaian? Bada Ecoembesek egindako ikerketaren arabera, bereizteko unean hartzen den  jarrerak eta birziklatzearen kulturak eragina du zalantzak gutxitzerako unean. Izan ere, Ecoembes enpresa sortu baino lehen erkidego gutxik zuten birziklatzeko ardura eta horien artean lehenetarikoa izan zen Nafarroa, Kataluniarekin batera. Modu horretan, egun, Nafarroan birziklatzen dutenen %93 gutxiago kutsatzeko eta ingurumena zaintzeko bereizten dutela nabarmendu dute. Horrez gain, asko dira ontziak eta bestelakoak berrerabiltzen dituztenak ere. Birziklatzen dutenen artean gainera, %90ak dio hiriak eta auzoak garbi eta atsegin mantentzeko bereizten dutela. Hezkuntza arloari begira ere nafarrek bereziki gordetzen dituzte jarrera aktiboak: euren seme-alabei birziklatzeko ohitura barneratzeko bereizten dutela nabarmendu dute herritarren %80.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!