Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilari Mª José Beaumontek bihar arratsaldean honako hau defendatuko du Madrilen eginen den Justiziako Sektore Konferentzian: ordezkatze-haurdunaldiaren edo amatasun subrogatuaren bidez jaiotako adingabeak erregistro zibilean inskribatzeko bidea ireki dadin. Gaia bilera honen gai-zerrendan sartu da Beaumont kontseilariak hala proposatuta, jakin ondoren gaur egun egoera horretan hogeita hamar bat adingabe daudela Estatuan, horietako batzuk Nafarroan.
Mª José Beaumonten iritziz, adingabe horiek "linbo juridiko" batean daude Erregistro Zibilean ezin direlako inskribatu, "Justizia Ministerioaren mendeko Erregistro eta Notariotzako Zuzendaritza Nagusiaren jarraibideen aurka eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiko doktrinaren aurka hartutako erabaki judizialengatik".
Bestalde, erregistro zibilen izaeraz Nafarroako Gobernu berriak duen jarreraz mintzatuko da Beaumont. Nafar exekutiboaren arabera erregistro zibilek publiko izaten jarraitu behar dute eta Justizia Administrazioko abokatuek kudeatu behar dituzte. Modu honetara aurreko Foru Gobernuak esaten zuenaren aurka azalduko da, UPNren gobernuak azken Sektore Konferentzian esan baitzuen jabetza eta merkataritzako erregistratzaileek hartu beharko lituzketela erregistroaren eskumenak.