CAN auzia berriro zabaltzeko eskatu du Auzitegi Nazionaleko fiskalak

Euskalerria Irratia 2015ko ira. 11a, 09:23
Ezkerretik hasita, ENrique Goñi eta Miguel Sanz, artxiboko irudi batean.

Artxibatzearen aurkako helegitea aurkeztu du. Inor bidegabeki aberastu ote den ikertzen segitu behar dela dio.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren helegiteak CAN auzia berpiztu dezake, Diario de Navarra egunkariak argitaratu duenez. Fiskalaren irudikoz, Eloy Belasko epaileak azkarregi hartu du CAN auzia artxibatzeko erabakia. Belaskok abuztuan ebatzi zuen artxibatzea, Poliziak salatuen ondareari buruzko txostena jaso aurretik.

Ministerio publikoaren aburuz, txosten hori ongi aztertu beharko litzateke “argitzeko kereilatuen kudeaketaren helburua erakundearen onura izan zen, ala haien ondare pertsonalak edota korporatiboak handitzea erakundearen kalterako”. Gainera, Fiskalaren arabera, txartel korporatiboaren erabileraren inguruko informazioa jaso berri da auzi honetan.

Fiskaltzak helegitean “salatuen” eta “kereilatuen” ondarea aipatzen du, izen-abizenik zehazteke. Nolanahi ere, haien artean, guxtienez, Miguel Sanz foru presidente ohia eta Enrique Goñi CANeko zuzendari nagusi ohia daude. Poliziak haien ondarea ez ezik, Nafarroako Kutxako zuzendaritzako beste 16 kideren ondarea ikertu du. Haien artean, besteak beste, UPNko Alvaro Miranda Ekonomia kontseilari ohia eta Juan Luis Sanchez de Muniain Gobernuko eledun ohia daude, baita PSNko idazkari nagusi Roberto Gimenez ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!