Hauteskundeak 2015

Nafarroako Gobernu berria, abian

Euskalerria Irratia 2015ko uzt. 23a, 14:21
Nafarroako Gobernua osatu dute eta argazki ofiziala egin dute gaur. Argazkia: navarra.es

Bederatzi kontseilariek gaur hartu dute kargua eta Gobernua osatua gelditu da.

Nafarroako Gobernua osatuko duten hamar kideek hartu dute kargua. Bederatzi kontseilarien txanda izan da gaur, eta guztiek, hitz eman dute, legea betez ariko direla euren jardunetan, leialki.

Euskarazko eta gaztelaniazko hitzak erabili dituzte kontseilari berriek ahotan karguaz baliatu direnean. Promes eginda, zin eginda Uxue Barkos presidenteak ikur bereizgarria eman die denei.

Nafarroako Jauregian izan da ekitaldia, atzokoan bezala jendetza izan da kargu hartze saioan. Alderdi politikoetako ordezkariak eta kontseilari berrien senitarteko eta lagunak, batez ere.

Uxue Barkosek atzo bertan, presidente kargua hartu ostean sinatu zuen lehen dekretua, jasotzen zuena, bederatzi departamentuz osatuko zuela Gobernua. Hala, bederatzi horietarako Kontseilariak izendatu zituen agiri horretan.

Gobernu parekidea

Bi presidenteorde izanen dituela jaso zuen txosten horretan: ekonomikoa lehena eta gizarte gaiak landuko dituena, bigarrena.

Ekonomia Garatzeko presidenteordeak zeregin bat baino gehiago izanen ditu. Manu Aierdi izanen da Uxue Barkosen Gobernuaren lehen presidenteordea.

Programa ekonomikoa garatu eta planifikatzeko ardura izanen du; industria, energia eta meatzaritzarena; industrializazioarena; ikerketarena; garapen teknologikoarena; berrikuntzena; lehiakortasunarena; atzerrian Nafarroako enpresak promozionatzearena; ekonomia sozialaren eta erlazio laboralena; turismoa sustatzeko planak; Nafarroako errepide sarea; baita gainerako garraiobideena ere eta, geologia eta geotekniarena.

Bigarren presidenteordetza gizarte gaien ardura izateko izendatu du Barkosek. Miguel Laparrak hartu du ardura hori. Gizarte gaiak, familia, kontsumoa, haurtzaroari eta nerabezaroari eskaintzen zaion arreta, mendekotasuna, zahartzaroa, gizarteratze politikak, etorkinen alorra, garapenerako atzerrian egiten diren politikak, etxebizitza izateko eskubidearen babesa eta beste.

Ogasun eta Finantziaziorako departamentuaren funtzioa izanen da bereziki Nafarroako Ogasunari dagozkion ardurak hartzea; planifikazioa, aurrekontuen proposamena eta kontrol ekonomiko eta finantziarioa egitearena. Mikel Aranburu izanen da departamentu horretako buru. Espainiarekin ekonomikoki dauden harremanak ere kudeatu beharko ditu eta baita Europakoekin ere.

Presidentzia, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia departamentuan Mari Jose Beaumont izanen da Kontseilari. Gobernuaren idazkaritza lana izanen du beregain, Nafarroako Aldizkari Ofizialaren ardura, kode etikoarena, ustelkeriaren aurkako eta jarrera egokien aldeko bulegoa, Nafarroako eskubideak babestea, segurtasun politikak gauzatzea, poliziaren kudeaketa, herritarren segurtasunaren alorra eta beste.

Herritarren arteko harremanak eta erakundeen artekoak Ana Olloren eskuetan  izanen dira. Hizkuntza politika, berdintasun alorra, bakea,elkarbizitza eta giza eskubideak; Gobernuaren eledun izatea, Presidenteari babesa ematea, Parlamentuko erlazioak, beste erakundeekin harremanak izatea bai Nafarroako zein beste erkidego eta lurraldetakoekin, Nafarroako Gobernuaren interneteko zerbitzua eta Nafarroatik kanpo bizi direnekin harremana izatea.

Hezkuntza departamentua Jose Luis Mendozaren esku jarri du Uxue Barkosek. Hezkuntza arloa bere osotasunean izanen du beregain, unibertsitate artekoa eta baita unibertsitatekoa ere. Lehenengo erronkak izanen dira, LOMCE geldiaraztea eta PAI urtebetez gelditzea.

Osasun departamentuak osasun publikoa, laborala, eta osasunari dagokionez arreta zein babesa ziurtatzea izanen dit helburu. Fernando Dominguez izanen du kontseilari.

Kultura, kirola eta gazteria departamentuak kultura sustatzea eta ondarea sustatzea izanen du erronka, kultura eta kirola guztion esku jartze atea gazteriaren beharrei erantzutea izanen dira bere lanak.

Landa Garapena, Tokiko administrazioa eta Ingurumen saila izanen da beste bat. Nekazaritza, abeltzantza, ingurumenaren zaintza, tokiko administrazioa eta hirigintzaz arduratuko da Isabel Elizalde.

Erronka handia aurretik

Uxue Barkosek eskerrak eman dizkie eta ohorea izanen dela eurekin lan egitea. Nafarren arazoei irtenbidea bilatzeko lanean jarriko direla gaineratu du eta herritarren beharretarako izanen direla Gobernuan.

Kontseilarien artean 6 Geroa Baik proposatu zituen, bi EH Bilduk eta bakarra Izquiera-Ezkerrak. Podemos-Ahal duguk ez zuen izenik eskaini.

Gaur bertan egin dute argazki bateratua kontseilariek eta lehendakariak. Nafarroako Gobernuaren lehen irudia izan da horixe.

Arratsaldean lehen bilkura

Lehen aldiz bilduko da Gobernu berria arratsaldean. Arratsaldeko lau terdietan batzartuko dira Uxue Barkosekin batera, gaur bertan kargua hartu duten gainerako bederatzi kontseilariak ere.

Nafarroako Jauregian eginen dute lehen bilkura hori.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!