Uztailaren 23a izan daiteke presidentea izendatzeko inbestidura saioa

Euskalerria Irratia 2015ko uzt. 2a, 08:49
Litekeena da uztailaren 23an izatea inbestidura saioa. Argazkia: @EHbilduNafarroa

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra Nafarroako Gobernuaren osaera negoziatzen ari dira programaren gaineko akordioa erdietsi ostean.

Uxue Barkosek Geroa Baiko presidentegaiak proposamena egin die EH Bilduri, Podemos-Ahal Duguri eta Izquierda-Ezkerrari: Nafarroako Gobernua osatuko duten kideek ez ditzatela izan alderdietan kargu organikorik eta ez daitezela izan parlamentarioak. Horrez gain, Barkosek uste du, behin izendapenen proposamenak aztertzen direlarik azken hitza Geroa Baik izan beharko lukeela izendapena onartzeko edo alboratzeko.  

Nafarroako Parlamentuko presidenteak Ainhoa Aznarezek gaur eginen dizkie alderdietako kideei lehen deiak presidentegairik ba ote duten galdetzeko. PSNkoei eginen die lehen deia (sozialistek dituzten agenda arazoengatik ostiraletik ostegunera aurreratu behar izan dute lehen batzartze hori). Ondoren, ordezkari gutxien dutenetik gehien dutenera hartuko ditu Aznarezek bere bulegoan: etzi 12:00etan Izquierda-Ezkerra hatuko du, PPN, Ahal Dugu, EH Bildu eta Geroa Bairekin jarraituko du.

Uztailaren 16an litekeena da Aznarezek Mahai eta Eledunen batzarra deitzea. Batzar horretan iragarriko luke presidentegairik aurkeztu ote duten alderdiek. Hala balitz, uztailaren 23rako deituko luke inbestidura saioa egiteko bilkura. Uxue Barkos litzateke aukerarik babestuena Geroa Bairen, EH Bilduren, Ahal Duguren eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoak jasoko lituzkeelako.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!