Podemoseko oinarriek Gobernu akordioa bozkatuko dute igandean

Euskalerria Irratia 2015ko eka. 25a, 09:21
Geroa Baik Ahal dugurekin egin zueneko bilera.

Programa adosteko bilerak egiten segitzen dute Geroa Baik, EH Bilduk, Podemosek eta Izquierda-Ezkerrak. Bihar bultzada emanen diote Gobernua osatzeko aukerari zenbait ekimen partekatuko baitituzte.

Orain arte adostutakoaren berri emanen dute bihar Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal duguk eta Izquierda-Ezkerrak.  Akordioak erdietsi dituzte batzorde guztietan. Bilerak "mantso" baina "gelditu gabe" ari dira garatzen. Oraindik gai mardulen inguruan eztabaidatzea eta akordioak erdiestea gelditzen bada ere, espero dute biharko denak prest izatea eta lehen akordio orokor bat erdiesteko gai izatea.

EH Bilduko Bakartxo Ruizek bilerek hartu duten bidea "eraginkorra" izaten ari dela nabarmendu du. Hezkuntza arloan uste du, aukera asko dagoela eredua aldatzeko eta LOMCE lege arrotzari izkin egiteko. Ahal duguko Laura Perezek uste du bileren erritmoa ona dela baina presarik gabe aritu behar direla eta sanferminak baino lehen ez dela ezinbestean akordiorik erdietsi behar. Hain zuzen, igandean Ahal duguk bere kideei galdetuko die zein iritzi duten erdiesten ari diren akordioaren inguruan. Izquierda-Ezkerraren ustez aldaketa nabarmena izan behar da gizarte politiketan eta pausoka ari dira bidea egiten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!