Emakumeek gizonek baino %29,5 gutxiago irabazten dute Nafarroan

Euskalerria Irratia 2015ko eka. 25a, 08:38
Nafarroan emakumeek gizonek baino %29,5 gutxiago kobratzen dute lan berdina egiteagatik. Argazkia: argia.eus

Bataz beste soldata gordina Nafarroan 23.836 eurokoa da.

Gizonek emakumeek baino 9.000 euro gehiago jasotzen dute bataz beste lan berdina egiteagatik. Espainiako erkidegoekin alderatuta Nafarroa da alderik handiena duena soldatetan emakumeen eta gizonen artean. Bataz beste 23.836 eurokoa da nafarren soldata gordina: emakumeen kasuan 19.364,43 eurokoa eta gizonena berriz 27.848,15. Espainiako Estatistika Institutuak egindako ikerketaren emaitzak dira horiek 2013an egindako galdeketaren araberakoak hain zuzen ere.

Industrian lan egiten dutenek jasotzen dute soldatarik gehien, bataz bestekoa baino %20,7 eta eraikuntzan %4 gehiago. Zerbitzuak eskaintzen dituzten arloetan berriz, bataz bestekoa baino beherago daude soldatak %9,9 txikiagoak dira. Horietan guztietan, emakumeek gizonek baino gutxiago kobratu dute eta alderik nabarmenena industrian eman da.

Langilearen adinak ere badu zerikusirik soldatan. Adinez helduagoak diren langileek soldata hobeak dituzte lanpostuan eskaintzen duten esperientzia eta antzinatasunagatik. 25 urte baino gutxiago dutenek, 25 eta 34 urte artean daudenek eta 54 urte baino gehiago dutenek bataz bestekoa baino (23.836) soldata txikiagoak jasotzen dituzte, hurrenez hurren: %49,3 gutxiago, %15,7 gutxiago eta %3,7 gutxiago. Gainerako adin tarteetan daudenek bataz besteko soldata baino gehiago jasotzen dute: 35 eta 44 urte artekoek %5,6 gehiago eta 45 eta 54 urte artekoek %11,4 gehiago.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!