Paris 365 jantoki solidarioetan inoiz baino laguntza eskaera gehiago jaso dituzte

Euskalerria Irratia 2015ko eka. 24a, 13:27
Dori Iriarte, Eliana Aleman eta Saioa Zabalza Gizakia Herritar Fundazioko kideak.

Aurtengo lehen seihilekoan gora egin du Paris 365 jantoki solidarioetan laguntza eskatu duten herritarren kopuruak. Halaber, laguntza eskatzen dutenen artean gero eta gehiago dira haurrak dituzten familiak.

Jatekoa behar duten familiak dira. Paris 365 jantoki solidarioan oinarrizko saskiaren eskaera hazi egin da eta ezin izan diete eskaera guztiei aurre egin. "Itxaron zerrenda osatu dugu tamalez", adierazi du Gizakia Herritar Fundazioko kide Saioa Zabalzak. Otordurik gabe ez uzteko jantoki solidarioan jatekoa eman edo etxera eramateko prestatu diete. Gero eta gehiago dira haurrak dituzten familiak laguntza eske Paris 365 jantoki solidariora jo dutenak urteko lehen sei hilabeteetan.

Diru sarrera gutxi duten familiak dira, edo diru iturririk gabe geratu direnak. Euren egunerokoari aurre egin ezinda dabiltza. Denboran zenbat eta gehiago iraun egoera horretan, orduan eta zailagoa jartzen zaie etorkizuna. Udan gainera, adin txikikoekin jateko eske jende gehiago hurbilduko dela uste dute, eskolak amaituta jantokirik ez dutelako.

Jantoki solidarioan 20.000 otordu eman dituzte 260 herritarren artean eta 83 familiari banatu dizkiete oinarrizko saskiak: "Inolako diru iturririk gabe daude herritar horien %32, beste %34k gizarteratze errenta jasotzen dute eta gainerakoak errenta hori baino txikiagoa den diru-sarrera dute".

Erakundeen jarrerarekin kritiko

Erakundeetatik diru laguntza gutxi jasotzen dutela nabarmendu dute. Nafarroako Gobernuarengandik 38.000 euro jaso dituzte. Horrekin ezin diete aurre egin oinarrizko premiak dituzten familien beharrei. Hori horrela, herritarrek emandako laguntzarekin proiektuak aurre ateratzea lortzen dutela nabarmendu dute.

Sanferminak ere izaten dira diru iturri garrantzitsua Paris 365en. Jantoki solidarioa taberna bilakatuko dute aurten ere eta bazkariak zein afariak emanen dituzte 25 euroan. Kultur programazio zabala ere prestatzen ari dira zenbait eragilerekin batera. "Sanferminetan aterako ditugun irabaziekin proiektuak finantzatduko ditugu", azaldu du Zabalzak. Deskalzos kalean izanen dute aurten ere taberna.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!