Kantu Zaharren bazkaria, Sanferminetan

Euskalerria Irratia 2015ko eka. 5a, 11:39
Kantu Zaharren bazkariak arrakasta izan du zenbait herritan. Argzk: erran.eus

Baluarten uztailaren 11an Kantu Zaharren bazkaria eginen dute “gastronomia eta folklorea” jai giroan uztartzeko asmoz.

“Garai bateko ohiturak berreskuratzea da helburua”, hala nabarmendu du Angel Mariezkurrenak, Kantu Zaharren bazkariaren antolatzaileetako batek. Baluarten eginen dute bazkari musikatua: “Plater bakoitzarekin kantu zaharren letrak izanen dituen liburuxka banatuko zaie parte hartzaileei”. Ahotsak protagonista izanen dira baina baita gastronomia ere, “Nafarroako produktuz osatutako bazkaria izanen da”.

Sanfermin giroan euskal folklorearen beste esparru bat txertatzeko aukera ikusi du Mariezkurrenak Kantu Zaharren bazkaria antolatzerako unean: “Tradizioa eta kultura Sanferminek duten berezko jai giroan sartzeko aukera aprobetxatu nahi dugu”. Lehen aldia da Sanferminetan halako ekimena eginen dena, baina, gogorarazi du bi urtez aritu direla udazkenean Iruñea Kantuan antolatzen eta “arrakastatsua” izan dela. “Jende askori gustatzen zaio garai batean mahai inguruan kantatzen zirenak gogora ekartzea”, azaldu du eta horregatik Sanferminetarako antolatu duten ekitaldian 800 lagun biltzeko aukera badela uste du.

Uztailaren 11an, larunbatarekin, 14:00etan elkartuko dira ekimenean parte hartzeko, Baluarten. Platerkada eta platerkada artean ariko dira kantatzen eta tartean sorpresak ere iragarri dituzte: “kantariak eta euskal folklorearekin loturiko jendeak ere hartuko du parte”. Baluarteko txarteldegian eskuratu beharko da Kantu Zaharren bazkarirako sarrera eta internet bidez ere aukera izanen da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!