Ordubete iraun du bilerak. Geroa Baik Nafarroan ordezkaritza lortu duten alderdiekin bilera erronda egiten hasi da. Izquierda-Ezkerrarekin egin du lehen batzarra gaur. Nafarroako Gobernua nola osatu daitekeen aztertuko du Uxue Barkos zerrendaburuaren koalizioak. Gaurko bileraren ostean nabarmendu dute bi koalizioek “aldaketa beharrezkoa dela” eta aldaketa horretan PSNren eserlekuak ere kontuan hartuko dituztela: “Programa ardatz izanen den akordioetarako PSNren babesa izatea espero dugu”. Hala adierazi dute Geroa Baiko Barkosek eta Izquierda-Ezkerrako Jose Miguel Nuinek. Geroa Baiko presidentegaiak nabarmendu du: “Gobernu berriak arrakasta izateko denek hartu behar dute parte, denak inplikatu behar dira”.
Zehazteke dagoena da nola osatuko den Gobernua. Ez batak ez besteak ez dute argitu: “programari buruz aritu gara bileran, Gobernua nola osatu daitekeen aurrerago zehaztuko dugu”.
Bilera errondaren lehen hitzordua izan da gaurkoa. Ostiralean PSNrekin eta alderdi popularrarekin biltzeko asmoa adierazi du Barkosek. Ahal Dugurekin astelehenean batzartuko da, EH Bildurekin asteartean eta asteazkenean, oraindik konfirmatu gabe dagoen arren, UPNrekin biltzeko aukera jarri du mahai gainean Barkosek.