Eduardo Santos: "Hemen erabakiko dugu. Ez dugu beste deus aurreikusten"

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 25a, 12:22

Podemos-Ahal Duguko eledunak aurreratu du gobernua osatzeko negoziazioetan pertsonen erreskatea lehenetsiko dutela. Elkarrizketa egin diote Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioan.

Ezerezetik 45.848 botora eta 7 parlamentarira igar zarete. Zer balorazio egiten duzue?

Ardura handia da alderdi berri batentzako. Ez genekien zein zen gure zorua, ezta zein zen gure zerua ere. Orain badakigu. Herritarrek gauden tokian kokatu gaituzte.

Podemos-Ahal Duguk kanpainan, erretorikoki behintzat, irabazteko apustua egiten du. Herritarrek, baina, ez zaituzte aldaketaren aldeko lehen indar moduan kokatu. Orain, zer?

Marra gorriak eta halako esamolde potoloak ez zaizkigu gustatzen. Nahiago dugu gure programaz aritzea. Atzo herritarrek aldaketaren aldeko botoa eman zuten. Eta hor kokatu gaituzte, aldaketaren aldeko hirugarren indar bezala. Besteei tokatzen zaie lehen pausoak egitea. Baina gu hor gaude ahal dugun guztia egiteko. Jendeak ez luke ulertuko guk oztopoak jartzea.

Euskalerria Irratian, joan den astean, zuen zerrendaburuak, Laura Perezek esan zuen zail zekusala EAJrekin politika sozialak hitzartzea. Nola dakusazue orain Geroa Bairekin akordioak lotzeko aukera?

Dena ikusten dugu posible. Paperaren gainean dena da posible. Guk ez dakigu zer jarriko duten besteek mahai gainean. Argi dago aldaketaren parte esanguratsua garela. Eta gure programarekin joanen gara. Guk behin eta berriz esan dugu gure lehentasuna herritarren erreskatea dela, eta hori lortzeko politikak egitea ezinbestekoa da guretzako.

Zenbait analistaren arabera, erregimenak badu B plan bat: gehiengo osoa galdu eta gero, PSN aldaketaren blokera pasatzea, aldaketa hori baldintzatzeko, zamatzeko. Nor nahiago, PSN ala EH Bildu?

Guk kanpaina osoan esan dugu PSNrekin ezin dugula akordiorik lortu, ez garelako fio. Erregimenaren parte bat da. Printzipioz ez dugu ikusten PSN halako akordio batean. Horrek ez du esan nahi inor baztertzen dugunik. Akordioak edonorekin lotu daitezke. Baina haiekin zerbait egitea oso zaila da.

Zuen barne arautegiko sona handiko 8. artikulua, erabakiak Madrilen ala hemen hartzen dituzuen... Mamu hori presente izan da kanpainan. Zer diozue orain?

Behin eta berriz esan duguna: erabakiak hemen hartuko direla, hemengo batzarrak erabakiko duela, eta guk ez dugula ikusten Madrilgo zuzendaritzak inolako trabarik jartzea. Ez dugu inor baztertzen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!