Manu Aierdi: “PSN jada ez da beharrezkoa”

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 25a, 12:16

Geroa Baiko eledunak dio oso litekeena dela koaliziok beste indarrekin bilera erronda hastea. Gaur goizean elkarrizketa egin diote Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioan.

Bederatzi parlamentari eta 53.034 boto. Erraz esaten da. Espero al zenuten?

Ikusten genuen inkestek bigarren leku horretan jartzen gintuztela. Gizarteari eskatu genion aldaketaren lidergoa. Zerbait eskatu eta gero lortzen duzuenean, pozik egoteko arrazoiak dauzkazu. Lana orain zaila eta gogorra izanen da, baina gogo eta poz handiz eginen dugu.

“Uxue presidenta” oihukatu zuten bart gauean zuen jarraitzaileek Baluarten. Hala izanen da?

Inkesta denek esaten zuten oso ezaguna zela eta oso ongi baloratua zegoela. Jende askok presidente moduan nahi zuela. Eta Herritarrek atzo ere oso argi bota zuten mezu hori. Horretarako lan egiteko prest gaude.

Akordioak norekin lotuko dituzuen ez duzuela behar bezainbeste argitu egotzi dizuete kanpainan.  Orain, gauzak argitzerik?

Gaur arratsaldean zuzendaritza taldearen bilera daukagu. Eta han hartuko ditugu erabakiak. Guk beti esan dugu marra gorririk ez dugula siglekin. Atzo herritarrak mintzatu ziren. Hor ikusten da nola batu daitezkeen 26 parlamentari eta nola ez. Baina guri asko kostatzen zaigu marra gorriak jartzea. Edonola ere, aldaketa da helburu nagusia eta hori da gure erantzukizuna. Seguru lortuko dugula.

Abuztukadaren eta martxokadaren ondotik, aldaketa PSNrekin posible da, fio zarete?

Aldaketa oso inportante bat gertatu da: PSN jada ez da beharrezkoa, eta horrek beste egoera batean kokatzen gaitu. Hemendik aurrera asko hitz egin behar dugu, bilera asko egin behar dugu beste eragileekin, aldaketa iraunkor, lasai, sakon eta serioa lortzeko. Argi dugu gizarteari dezepziorik ez diogula eraginen.

EH Bilduk dio lauko koalizioaren aldekoa dela. Zuek zer diozue?

Uxuek kanpainan esan zuen formula asko daudela. Lasaitasuna behar dugu zerbait iraunkorra egiteko. Orain arte txukun egin dugu lan. Pausoz pauso. Eta halaxe segituko dugu. Goazen ikustera beste eragileek zer dioten, non dituzten marra gorriak eta abar. Guk badakigu aldaketa ezin dugula bakarrik egin. Askoren artean egin behar dugu. Atmosfera oso ona da. Eragile guztiok aldaketaren alde argi gaude. Ez dugu etsiko. Lortuko dugu.

Esparzak bilera erronda bati ekinen diola iragarri du. Zuek gauza bera eginen al duzue?

Arratsaldeko bileran erabaki behar dugu hori. Baina pentsatzekoa da baietz. Horrela izan behar da. Aldaketa askoren artean egin behar da. Eta horrek esan nahi du hitz egin eta hitz egin behar dela. Logika handia luke bilera erronda hasteak.

 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!