Hauteskundeak 2015

481.240 nafar deituta daude gaur bozkatzera

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 22a, 18:44

Zenbaketako emaitzak hautesmahaietatik lehenbaitlehen igortzeko 243 tablet eta 143 telefono mugikor erabiliko dira. 

 

Nafarroako Gobernutik ezagutzera eman dutenez, hauteskunde-jardunaldia behar bezala joango dela bermatzeko, Nafarroako Gobernuak eta Gobernuaren Ordezkaritzak izendatutako 800 bat ordezkarik osatutako zenbaketa-dispositibo bat aurreikusi da, bai eta 2.200 agentek osatutako segurtasunezko beste bat ere; azken hori Foruzaingo, Guardia Zibil, Polizia Nazionala eta udaltzainen agenteek osatuko dute.

Herritarrek 09:00etatik 20:00ak arte botoa emateko eskubidea izango dute aurreikusitako 358 hauteslekuetan, eta leku horietan guztietan 966 mahai jarriko dira. Bozketak amaitzean, zenbaketari ekingo zaio. Hauteskunde-araudiak dioenez, lehenik eta behin udal-hauteskundeetako botoak zenbatuko dira, ondoren kontzejuetarakoak eta, azkenik, Parlamenturako botoak.

Bozka nola eman

09:00etatik 20:00ak arte botatzeko aukera izango da, eta herritarrak beren hauteslekura NAN txartelarekin, pasaportearekin eta gida-baimenaren, argazkiarekin, joan beharko dute. Agiri horiek iraungituta egotea ez du axola, baina jatorrizkoa izan behar dute.

Bertan hautagaitza guztietako boto-txartelak aurkituko dituzte, gutun-azalak eta kabinak hautaketaren konfidentzialtasuna zaintzeko. Aldi bereko hiru hauteskunde egiten direnez (Parlamenturako, udaletarako eta kontzejuetarako), hautesleek kolore ezberdinetako hiru gutun-azal izango dituzte; sepia Parlamenturako, zuria udalerako eta urdina kontzejurako. Hautagaitzako boto-txartelak ere dagokion hauteskunde-prozesuaren kolore berekoak dira.

Hautesleak hauteskunde-mahaira banan-banan hurbilduko dira beren boto-txartelak gutun-azaletan sartuta. Mahaiko kideek eta hautagaitzetako kontu-hartzaileek bere identitatea eta bozkatzeko eskubidea egiaztatuko dituzte, erroldako zerrendak aztertuz. Jarraian, beren bozka dagokion koloreko hautestontzian sartu beharko dute, hau da, sepia, zuria edo urdin kolorekoan.

Boto-txartelen zenbaketa

Bestalde, Nafarroako Gobernuko eta Gobernuko Ordezkaritzaren 800 bat ordezkari hauteskundeetako emaitzak jasotzen dituzten aktetako datuak igortzeko arduradunak izango dira.

Gogora ekarri behar da, osatuko diren 966 mahaien % 85k datuak on-line bidez bidaliko dituztela; hala, zenbaketa bizkorragoa izango da eta emaitzak lehenago jakingo dira. Haietatik, Iruñan jarritako mahaietatik, 100 elektronikoki administratuko dira (MAE), hau da, mahaikideek egin beharreko lanak errazteko tresna informatikoak erabili ahalko dituzte, esaterako: hautesleen identifikazioa, dokumentazioa inprimatzea, aktak osatzea eta datuen transmisio elektronikoa.

Halaber, 243 tableta elektronikok 723 mahairi zerbitzua emango die, hiru mahaiko gailu bat. Gainerako mahaiek, 143, telefono bat izango dute zenbaketako emaitzak igortzeko.

Datu guztiak informazioa jasotzeko zentrora bidaliko dira, Madrilgo IFEMA azoka-barrutian dagoena. Handik, komunikazioen zerbitzari baten bidez, Internetez eskainiko dira zenbaketak aurrera egiten duen heinean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!