Hauteskundeak 2015

Kanpaina “bizia” izan da, foru presidentegaien arabera

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 22a, 13:30

“Ilusioarekin” begiratzen diote Nafarroako Gobernurako hautagaiek igandeari.  

Iritsi da kanpainaren amaiera. Bukaerarekin batera alderdien balorazioak etorri dira. Kanpaina “indartsua, bizia eta lasaia” izan dela nabarmendu dute. Guztiek begiratzen diote igandeari “ilusioz”.

Navarrisimo eta Adelante Navarra, UPNren leloak

Kanpaina bizia izan dela nabarmendu du Jose Javier Esparzak, UPNko hautagaiak Nafarroako Gobernurako. Egunotan egindako lana goraipatu du. Jende askorekin eta herri askotan izan direla gogorarazi du. Horiek esan eta berehala hasi da gainerakoei begira. Izan ere esan du Esparzak sentsazioa duela errealitate ezkutatzen aritu direla gainerako alderdietako batzuk, “ikurrina ezkutuan gorde eta independentzia zein nazionalismoa kanpainatik kanpo utzi dituzte”. Hitz hutsak erabiltzea leporatu diete EH Bildu eta Geroa Bairi.

Podemosi leporatu dio ikurrina ezkutatu duten horiekin lerrotzea eta Ciudadanosi Nafarroaren eskumenekin amaitu nahi izatea.

Igandean jokoan asko dago Esparzaren esanetan: “UPNk gobernatzeko aukera edo independentismoaren eta nazionalismoaren defentsa sutsua egiten dutenei aukera hori ematea dago jokoan”.

Navarrisimo eta Adelante Navarra izan dira UPNren leloak kanpaina honetan.

Navarra, nuestro bien comun eta Regenerar navarra, PSNren lema

Kanpaina indartsua eta bizia izan dela azpimarratu du PSNko Nafarroako Gobernurako hautagai Maria Chivitek. “Ilusioarekin eta emozioarekin eginen diogu aurre igandeko hauteskunde egunari”. Kanpainan herritarren babesa handitzea lortu du alderdi sozialistak Chiviteren iritziz. Gobernura iritsi nahiko lukete, “Nafarroa aurrerakoia eta anitza sortzeko asmoarekin ari gara lanean”.  

Gobernua aldatuko duen alternatiba uste du ezin dela izan nazionalistena, baizik, “Nafarroan dauden arazoei irtenbide emanen dienena, hau da, PSNrena”.  PSNri botoa emanen diotenen ausardia eta konpromisoa nabarmendu ditu.

PSNk erabilitako leloak kanpainan: Navarra nuestro bien comun eta Regenerar navarra izan dira.

Nafarrok garaile leloarekin egin du kanpaina EH Bilduk

Luze joan zaio EH Bilduren Nafarroako Gobernurako hautagaiari, Adolfo Araizi kanpaina. Kontuan hartuta oso goiz ekin ziotela aurre kanpainari eta 15 egunez aritu direlako kanpainan. Baina, ilusioa eta lan handia egin izanaren sentsazioa geratu zaio Araizi: “Aldaketaren Gobernua lortzea da EH Bilduren xedea igandetik aurrera. Horretarako koalizio Gobernua osatu beharko litzateke”. Modurik egokiena Araizentzat: EH Bilduk, Geroa Baik, Podemosek eta Izquierda-Ezkerrak osatutakoa.

Nafarrok garaile leloarekin egin du kanpaina EH Bilduk Nafarroan.

Geroa Bairen izenburua, Nafarroa bere onera ekarriko dugu

Kanpaina zentzuduna eta lasaia izan dela esan du Geroa Baiko Nafarroako Gobernurako hautagai Uxue Barkosek. Gobernatzeko prest dagoela azpimarratu du: “Aldaketaren Gobernua osatzea da helburua eta horretarako marra gorririk ez dago”.  

Arduraz ariko dira igandetik aurrera, aldaketa ekarriko duen aukeraren alde lanean. Herritar guztientzako Gobernatzea dute xede, Nafarroaren aniztasuna kontuan hartu eta pluraltasun horren alde lanean aritzeko.

Nafarroa bere onera ekarriko dugu leloa erabili du Geroa Baik kanpainan.

Nahi baduzu, ahal dugu leloarekin aritu da Podemos-Ahal dugu

Aldaketa Nafarroan ezartzeko ilusioa nabarmendu du Podemos-Ahal duguko Nafarroako Gobernurako zerrendaburu Laura Perezek. Kontent dago egindako kanpainarekin: “Baliabidez xume baina kalitatez indartsu aritu gara”.  

Igandearen biharamunean bat eginen luke Podemos-Ahal duguk aldaketa ziurtatuko lukeenarekin eta euren programaren oinarriak errespetatuko dituenarekin, gehiengoaren interesen alde aritzea litzatekeelako.

Nahi baduzu, ahal dugu leloarekin aritu da koalizioa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!