Nafarroako Kutxako administrazio kontseiluko kide guztien ondarea ikertzen ari da Polizia

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 14a, 11:02
Enrique Goñi eta Miguel Sanz, artxiboko irudi batean (Argazkia: Berria)

2005etik izan diren 18 kontseilarien datu fiskalak eskatu dizkio epaileari. Haien artean daude Miguel Sanz, Alvaro Miranda, Roberto Jimenez, Juan Cruz Alli eta Juan Luis Sanchez de Muniain foru Gobernuaren egungo eleduna.

Ikerketaren sorburua Kontuz elkarteak Miguel Sanz eta Enrique Goñiren aurka aurkezturiko salaketa da. Horretan oinarriturik, abenduan CAN auzi-ko epaileak ondare ikerketa egiteko eskatu zion Poliziari. Haatik, ikerketa hori ez da Sanzen eta Goñiren ondarera mugatzen ari. Polizia Nafarroako Kutxako administrazio kontseiluak 2005etik aurrera eduki zituen 18 kontseilarien ondarea ikertzen ari da, Diario de Navarra egunkariak gaur argitaratu duenez.

Espainiako Poliziako Nazionaleko Delinkuentzia Ekonomiko eta Fiskaleko Unitatea arduratzen ari da ikerketaz. Eta unitate horrek idazki bat igorri berri dio Velasco epaileari, eskatzeko lor ditzala 18 kontseilarien datu fiskalak. Epaileak oraindik ez du erantzun. Poliziaren arabera, datuok “beharrezkoak” dira argitzeko Kontuz elkarteak salaturikoak, hau da, Goñik korporazio industrialarekin egindako operazioak, aurre-erretiroak eta bulego berrien irekiera.

Albisteak bere eragina eduki lezake hauteskunde kanpainan; izan ere, UPNko zein PSNko kide itzal handikoak daude ikertuen artean. Erregionalisten kasuan, ezin ahantzi daiteke Juan Luis Sanchez de Muniainek Gobernuaren eledun izaten segitzen duela, eta UPNren foru hauteskundeetako zerrendan bosgarrena dela.

18 kontseilarien zerrenda

Miguel Sanz: foru presidente ohia.

Juan Cruz Alli: foru presidente ohia.

Alvaro Miranda: foru presidenteorde ohia.

Roberto Jimenez: foru presidenteorde ohia.

Juan Luis Sanchez de Muniain: orduan Iruñeko Udalaren ordezkaria, egun Nafarroako Gobernuaren eleduna.

Enrique Goñi: Nafarroako Kutxako zuzendari nagusi ohia.

Jose Antonio Asiain: Nafarroako Kutxako presidente ohia.

Marta Gonzalez: UGTren ordezkaria.

Francisco J Martinena: Nafarroako Enpresarien Elkarteko idazkari nagusi ohia.

Ricardo Marti Fluxa: PPko goi kargudun ohia.

Jaime Montalvo: Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko presidente ohia.

Eugenio Simon Acosta: Zuzenbide Funantziario katedraduna.

Jose Luis Erro: Volkswagen Nafarroako zuzendari ohia.

Jose Maria Zarranz: Nafarroako Industria Elkartea.

Carmen Alonso: Merkataritza Zuzenbide katedraduna, eta Espainiako Bankuko kontseilaria.

Juan de Esteban: langileen ordezkaria.

Maria Santos Indurain: bezeroen ordezkaria.

Concha Osakar: Carmen Alonso ordezkatu zuen 2011n.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!