Nafarroako ekonomia %0,6 hazi da lehen hiruhilekoan, Espainiako batez bestekoa baino hiru hamarren gutxiago

Euskalerria Irratia 2015ko api. 30a, 13:03

Goikoetxearen aburuz, batez bestekotik behera egoteak ez du garrantzirik, garrantzitsuena “gorantzako joera” baita.

Nafarroako ekonomia %0,6 hazi da azken hiru hilabeteotan. Eta azken 12etan, %2,3. Hori guztiori horrela, Nafarroako Gobernuak 2015erako hazkunde aurreikuspenei eutsi die: %2,6koa izanen dela iragartzen segitzen du. Hala jakinarazi du lehen presidenteorde eta Ekonomia kontseilari Lourdes Goikoetxeak, gaur goizean egindako agerraldian. Goikoetxearen aburuz, “oso albiste ona da”, eta “bultzada bat, krisiaren ondorioen aurka borrokatzen segitzeko”.

Espainian, batez besteko hazkundea %0,9koa izan da. Eta azken urtekoa, %2,6koa. Horrek ez ei dio kezkarik eragiten Goikoetxeari. Kontseilariaren irudikoz, Espainiako ekonomiak gorantza egiten dio tira Nafarroakoari. Gainera, “garrantzitsuena joera da, eta horrek goranzkoa izaten segitzen du”. Foru ekonomikoak zazpi hiruhileko daramatza jarraian hazten, 2013ko hirugarren hiruhilekotik hain zuzen ere.

Are gehiago, Goikoetxeak gaineratu du Nafarroako ekonomia azkarrago suspertzen ari dela Espainiakoa baino, eta krisiaren aurreko maila berreskuratu dela: “Azken hirUhilekoko Barne Produktu Gordina krisiaren aurreko azken hiruhilekokoaren berdina izan da. Nafarroako ekonomiak 2008ko maila berreskuratu du”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!