20,6 milioi euro ordaindu beharko dizkio Osasunak Ogasunari 30 urtean

Euskalerria Irratia 2015ko api. 30a, 09:13
Sadar futbol zelaia (Argazkia: osasuna.es)

52,8 milioi euroko zorra du guztira futbol taldeak Ogasunarekin. Gorritxoek dituzten higiezinen balioa 32,1 milioi euroan kuantifikatu du Nafarroako Gobernuak.

Guztira 52,8 milioi eurotako zorra du Osasuna futbol taldeak Nafarroako Ogasunarekin. Foru Gobernuak azken lan saioan hartu du erabakia: bere higiezinen truke 32,2 milioi euroko zorra kitatuko du Osasunak. Hartara, gainerako 20,6 milioi euroak datozen 30 urteetan ordaindu beharko ditu.

Lourdes Goikoetxea Ogasun konmtseilariak azaldu du Osasunak dituen higiezinen balioa 43 milioi eurora iritsi daitekeela. Haatik, taldeak oraindik baditu hainbat mailegu zenbait entitate finantzariorekin, eta horien berme dira zenbait higiezin. Horregatik, 10,8 milioi euro kendu behar zaizkio balio orokorrari. Hortik dator 32,2 milioi euroko zor kitatzea.

Osasunari geratzen zaion zorra berregituratua gelditu dela nabarmendu du Goikoetxeak, eta taldeak datozen 30 urteetan ordaindu beharko dituela. Nafarroako Gobernuari zorra ordainduko diola ziurtatzeko, Osasunaren zenbait diru sarreraren zatiak zuzenean bideratuko zaizkio Ogasunari: besteak beste, telebista eskubideen %25 eta jokalarien lekualdatzeen %25.

Presidenteordeak ohartarazi du abenduan onartutako legea betez amaituko dela Osasunak Ogasunarekin duen zorraren auzia. "Taldea ez desagertzea eta dagozkion zergak ordainaraztea" da helburua, Goikoetxeak nabarmendu duenez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!