Mila sinadura erregistratu dituzte Sortzenek eta Herrikoak LOMCEren errebalidaren aurka

Euskalerria Irratia 2015ko api. 24a, 08:19

LOMCEk errebalida ezartzen du Lehen HEzkuntzako 3. mailan. Guraso elkarteen plataformek salatu dutenez, azterketa desegokiak dira eta lehia sortuko dute bai ikasleen artean, baita ikastetxeen artean ere.

Ikastetxetik kanpoko probak dira LOMCE legeak ezarri nahi dituenak. Hezkuntza sistemak ezartzen du Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ziklo bukaeretan azterketak egin behar zaizkiela ikasleei. Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleek izanen lukete mota horretako azterketa lehenengoz. "Proba horiek desegokiak dira eta lekuz kanpo daude, ez dute ikastetxearen kalitatea neurtzeko balio eta are gutxiago hezkuntza sistemarena zenbaterainokoa den erakusteko", hala nabarmendu du Sortzen elkarteko Garikoitz Torregrosak. “Eskolen arteko lehia” sortzeko erabiliko dituztela ohartarazi dute. LOMCEk ezartzen dituen azterketa horien aurka sinadurak bildu dituzte Sortzen eta Herrikoa gurasoen plataformek. Mila sinadura erregistratu dituzte Hezkuntza Departamentuan. "Desadostasuna adierazi nahi dugu legeak ziklo bakoitzaren amaieran egin nahi dituen azterketen aurrean, baina horrez gain, informazioa ere eskatu diogu Departamentuari proba horien helburuen inguruan", hala nabarmendu dute guraso elkarteen plataformek.

"Azterketarekin ikasketa prozesuari garrantzia kenduko diote", esan du Torregrosak. Arreta guztia proba bakarrean jarriko dutela eta azterketa egiteko adina ere ez dutela egokitzat jo uste dute: “Ikasleen ibilbidea mugatu dezake”.

Mobilizazioak LOMCEren aurka

Aldarrikapena kalera aterako dute Sortzenek eta Herrikoak. LOMCEk ezartzen dituen azterketen aurka ikastetxeetan elkarretaratzeak eginen dituzte 08:45ean egunero. Maiatzaren 4an protesta Hezkuntza Departamentuaren aitzinean eginen dute 18:00etan.

Gutunak ere idatziko dituzte. Ikastetxeetako zuzendariei bideratuko dizkiete. Gurasoek idatziko dituzte, eskatuz, euren seme-alabek LOMCEk ezartzen dituen azterketa horiek ez egiteko.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!