Hauteskundeak 2015

Eric Toussaint: “Zilegi ez den zorra identifikatzeko kontu-ikuskaritza jarri beharko litzateke abian”

Euskalerria Irratia 2015ko api. 16a, 08:28
EH Bilduko ordezkariekin izan da Eric Toussaint politologoa.

Nafarroako zorra ikuskatzeko EH Bilduk egindako proposamenarekin bat dator Eric Toussaint, nazioarteko politologoa. Greziako zorraren legezkotasuna aztertuko duen batzordeko burua da Toussaint.

Greziako parlamentuak izendatu berri du herrialdeko zorpetzea aztertuko duen batzordeko koordinatzaile Eric Toussaint. "Gure lantaldearen lana izanen da jakitea Greziak pilatua duen 319.000 milioi euroko zorpetzetik identifikatzea zenbat izan daitekeen legez kontrakoa", esan du. Grezian eginen dutena beste herrialdeetara eraman daitekeela uste du, horietan sortu den zorra bidegabearen inguruan ikuskaritza egin eta zor bidegabe hori berriz ez sortzeko neurriak hartzeko aukera aztertzeko: “Zor bidegabe bat ez dela itzuliko erakustea oso onuragarria litzateke", azaldu du Toussaintek halako ikuskaritzen beharra aldarrikatzeko.

Zorpetze publikoaren ikuskaritza kritikoan munduko aditu nagusietako bat da Toussaint. Euskal Herrian izan da zenbait alderdi politiko eta sindikaturekin. Iruñean izan zen atzo EH Bilduk antolatua zuen mahai inguruan. Nafarroari begira jarrita nabarmendu zuen zilegi ez den zorra identifikatzeko kontu-ikuskaritza egitea beharrezkoa dela eta EH Bilduk egindako proposamenarekin bat egin du. Nafarroako Parlamenturako EH Bilduko zerrendaburu Adolfo Araizek eskertu egin ditu Toussaintek emandako aholkuak. Beharrezkotzat jo du Nafarroan dirua nola kudeatu den jakitea.

Zor publikoaren inguruan beste adibideak ere aztertu dituzte mahai inguruan, Greziaz hitz egiteaz gainera Ekuadorrez ere aritu dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!