Nafarroako ahozko tradizioari eta hizkuntza berezitasunei buruzko liburu digital bat aurkeztu du NUPek

Euskalerria Irratia 2015ko api. 7a, 20:52
Ezkerretik eskuinera, Juan Jose Zubiri, Alfonso Carlosena errektoreordea, Patxi Salaberri eta Alfredo Asiain.

Euskarazko haur hizkera, "pues" partikularen erabilera, onomastika eta gehien erabilitako euskal pertsona izenak dira gaztelaniaz idatzitako liburu honetan aztertutako gaietako batzuk.

[Liburuaren deskarga hemen.]

 

Nafarroako Unibertsitate Publikoak "Kultura ondare ez-materiala: ahozko tradizioaren eta hizkuntza berezitasunen esparrua" argitalpena aurkeztu du. Lana formatu digitalean dago, Patxi Salaberri katedradunak koordinatu du eta Filologia eta Hizkuntzaren Didaktika Saileko Hizkuntzalaritzarako ikerketa taldeko kideek, Nafarroako Ondare Ez-materialaren  Artxiboaren Katedraren esparruan, Caixa eta Fundación CAN fundazioak finantzatuta, egindako lana jasotzen du.

Taldeko lan bat da, egile bakoitzak hobekien ezagutzen duen gaiari buruz idatzi du, eta kasu guztietan ez bada ere, aipatu Artxiboan jasotako materialetan oinarritzen da. Liburuak bederatzi kapitulu dauzka hainbat gairi buruz.

Sarrerako kapituluan, "Lengoaia eta kultura ondare ez-materiala (PCI)”, Alfredo Asiáin saiatu da, lehenik eta behin, identifikatzen eta dokumentatzen ondare balioa daukaten elementu linguistiko kulturalak, eta, bigarrenik, elementu horiek aztertzeko aukera ematen duten balizko hurbilpen linguistikoak bilatzen. Bigarren kapituluak Magdalena Romeraren eta Nayim Medinaren sinadura dauka, eta Nafarroako iparraldeko euskaldunen seseo delakoa aztertzen du. Hirugarren kapitulua ere euskara eta gaztelaniaren arteko harremanaz ari da, baina honako honetan lexikoa aztertzen da.

Hurrengo lana, laugarrena, Itziar Aragüés irakasleak idatzi du, eta zehaztasun handiz aztertzen du Nafarroako gaztelania arruntean erabiltzen den "pues" partikularen portaera semantiko-testuala, Hizkuntzalaritza eta Gramatika Testualaren postulatuen arabera, eta Artxiboan jasotako zenbait testigantza erabiltzen ditu horretarako.

Ekaitz Santzilia eta Juan Jose Zubiri irakasleek bosgarren kapituluan euskarazko haur hizkera aztertu dute; hau da, oso zentzu zabalean hartuta, helduek erabiltzen dutena haurrekin, eta haren babesa eta transmititzeko modua aztertu dute, transmisio hori errazten zuen bizimodu tradizionala zeharo aldatu den garai batean. Egileek haur hizkeraren karakterizazio laburra egin dute, eta hiztunek egiten duten haren erabilera deskribatzen dute, etorkizunean erabili ahal diren zenbait ikerketa lerro aipatu aurretik.

Lanaren seigarren kapitulua Mónica Aznárez irakasleak idatzi du, eta kultura ondare ez-materialaren fraseologiaz eta paremiologiaz (esaerak, atsotitzak...) ari da, kontuan hartuta gaztelania eta euskara. Egileak, lehenengo definitu egin ditu esparru horietan dauden unitateak, Nafarroan gai horri buruz egin diren lanak aipatzen ditu, eta azkenik, ikerketarako dauden aukerak azaltzen ditu.

Zazpigarren kapitulua Alfredo Asiáinek egin du, eta oraingoan, ahozko literaturaren eta ondare kulturalaren arteko harremana aztertu du. Egileak dagoen bibliografia zabaletik ateratako hainbat lan aipatzen ditu, eta literatura herrikoian dauden testu mota desberdinen zerrenda bat egiten du. Artxiboan azaltzen den literatura herrikoiaren genero eta azpigenero nagusiak ere aipatzen ditu, eta horietaz arduratu diren lanak zerrendatzen ditu.

Bestalde, Consuelo Allué irakasleak (zortzigarren kapitulua) lan berritzailea egin du, sortzen ari diren literatura herrikoiaren genero berriak aztertzean, eta nabarmentzen du Internetek izan dezakeen indarra halako literatura hedatzeko. Argitalpena bukatzeko, bederatzigarren kapituluan, Patxi Salaberri koordinatzaileak onomastika aztertu du ondare inmaterialaren parte den aldetik. Bertan, azpimarratzen da izenen garrantzia pertsona bakoitzaren bizitzan eta historian, onomastikan erabilitako terminologia arruntena aipatzen da eta nafar toponimoak ordenatzen dira Stewarten sailkapenari jarraikiz, hori baita dauden sailkapenetako bat.  Bukatzeko, azken urteotan gehien erabilitako euskal pertsona izenak ere aztertu dira.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!