Pintxoaren Astea apirilaren 10etik 19ra izanen da 76 parte hartzailerekin

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 24a, 13:41

Nafarroako Pintxoaren Astean 2,40 euroan izanen dira pintxoak baina eskaintza bereziak ere izanen dira, bi pintxo 4,50 euroan.

76 establezimenduk hartuko du parte aurtengo Nafarroako Pintxoaren Astean. Nafarroako Ostalaritza Elkarteak antolatu ohi du ekimena eta aurten apirilaren 10etik 19rako prestatu du. Parte-hartzaile bakoitzak bana pintxo aurkeztu ahal izanen du lehiaketara. Modu horretan pintxoak behar duen lan guztia eskaintzeko aukera eskaintzen zaie sukaldariei. Norbaitek erabakiko balu bigarren pintxo bat prestatu, aukera izanen luke lehiaketara aurkezteko hori ere. Pintxoak aurretik egin gabekoak eta esklusiboak behar dute izan.

2,40 euroan jan ahal izanen dira pintxo horiek baina, eskaintza berezia ere eginen dute: bi pintxo 4,50 euroan hartu ahal izanen dira.

Sari ugari jokoan

Urrezko domina, zilarrezkoa eta brontzezkoa lor daitezke Pintxoaren Asteko lehiaketan. Reyno Gourmet sari berezia eskuratzeko aukera ere izanen da baina horretarako Nafarroako produktuez osatutako pintxoa izan beharko da: Nafarroako olioa, zainzuriak, arkumeak edo txekorra, Tuterako orburuak, Lodosako piperrak eta Erronkariko gazta edo Idiazabalgoa.

Pintxorik osasuntsuenari saria ere emanen diote eta parte-hartze guztiek aurkeztu dezakete euren pintxoa maila horretara. Nafarroako Unibertsitateak emanen du sari hori. Martikok bere aldetik, ahatekia erabiltzen dutenen artean onenari emanen dio diploma. Horrez gain, bi asterako ahatekia emanen dio pintxoak egin ditzan. Mrco Real upategiak ere bi sari banatuko ditu: euren ardoa hobekien erabiltzen duenari eta ardoa modu egokian eta zerbitzu onenarekin eskaintzen duenari.

Epai mahaia Gazteluleku Elkarte Gastronomikoaren kideek osatuko dute eta baita Nafarroako Unibertsitate Publikoko kideek ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!