23 zabor edukiontzi erre dituzte Zangozan, lehen Xabierraldiarekin batera

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 8a, 22:00
Argazkia: @sanguesadigital.com

Foruzaingoa gertakariak ikertzen ari da

23 zabor edukiontzi erre zituzten Zangozako karriketan, larunbatetik iganderako gauean; hau da, aurtengo lehen Xabierraldiarekin batera. Suhiltzaileek gogotik egin behar izan dute lan kalte handiagoak eragozteko. Berez, 19 edukiontziri eman diete su zuzenean, baina beste lau kaltetu dituzte garrek, baita inguruan zen auto bat eta hiru solairuko eraikin bateko fatxadak ere.

Foruzaingoak dio gertaturikoa ikertzen ari direla, baina gertakari "isolatua" dela uste ei dute, kale borrokarekin loturarik ez duela. Ikertzen ari direnen artean bat, ea norbaitek Xabierraldiak Zangozara dakarren jendetza probestu nahi izan duen edukiontziei su emateko.

SanguesaDigital.com atariak bere Twitter kontuan dioenez, ez da Zangozan halako zerbaitgertatzen den lehen aldia; izan ere, 2011n, San Sebastian jaietan, hainbat zabor edukiontzi erre zituzten.

Iruñerriko Euskaldunon Agerkariaren erredakzioan otu zaigun galdera: zer esanen zuketen batzuek eta bestetzuek halako zerbait Nafarroa Oinez baten ingurumarian gertatu izan balitz? Gogora etorri zaigun beste gogoeta bat: zenbat estutzen dituen errealitateak Nafarroa Wow-ko lagunak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!