Dejaburen arrastoen atzetik

Erabiltzailearen aurpegia Karrikaluze elkartea 2015ko aza. 17a, 12:36

Dejabu Panpin Laborategia 2001. urtean sortu zuten Errenteriako (Gipuzkoa) Urko Redondo eta Ainara Gurrutxagak. Azaroaren 22an Arrastoak antzezlana eskainiko dute Atarrabiako kultur etxean.

Redondorekin bildu gara Dejaburi buruz hitz egiteko.

Antzerki konpainia sortu zenutenean Dejabu izena aukeratu zenuten, obrak behin eta berriz eginez erabiltzen zenituzten panpinak déjà vu egoera batean biziko zirela pentsatu zenutelako. Bi galdera: zergatik “panpin”? Eta zergatik “laborategia”?

Karrera egin aurretik esperientzia desberdinak izandakoak ginen: Ainarak tailerrak eginak zituen inguruko taldeekin eta baita muntaiaren bat ere; nik karrerako lan bat eta praktikak txotxongiloekin egin nituen. Momentu batean antzezlan bat sortzeko nahia izan genuen eta txotxongiloen munduak liluratzen gintuenez, 1999an taldetxo bat bildu eta proiektua martxan jarri genuen. Zein polita den Panamá lanarekin Dejabu sortu genuen eta haurrentzako txontxongilo ikuskizunak egiteari ekin genion. Ikastaroak egin ditugu ahal izan dugun tokietan eta nahi izan dugun jendearekin. Gaurdaino oso presente egon dira panpinak gure lanetan. Askotan esaten dugun bezala, gure antzerki lengoaian txotxongiloak maisu izan dira, gure antzezteko eta istorioak kontatzeko moduan eraginez. Azkenean, maskara lanean, antzerkian eta txotxongiloen munduan oinarriak berdinak direla deskubritu dugu.

Bestetik, antzerki sormena laborategi gisa ikusten dugu, non gauzak probatzen joaten zaren. Intuizioz, elementu batzuk aukeratzen ditugu, lantzea gustatuko litzaizkigukeen gai eta objektuak. Eszenan jartzen ditugu eta inprobisatzen hasten gara.

 

Sortze prozesua gehiago zehatz zenezake?

Hasieran, gerturatze lan bat egoten da, ideiara edo gai nagusira gerturatzeko. Buruan ideia argi bat izan dezakegu, baina sekula ez dakigu nora goazen. Hausnartu nahiko genukeen gai bat hartu eta haren inguruko ideia bat aukeratzen dugu, eta horrekin abiatzen gara. Orduan, obran egotea nahi dugun elementuak probatzen hasten gara; pertsonaia, objektu edo giroren bat. Hor hasten da pixka bat inprobisazioen eta eszena gaineko lana, antzerkia azken finean. Eta, intuizioz, funtzionatzen duena eta ez duena banatzen hasten zara, balio dizunarekin geratzen: jorratu nahi duzun gaiari mesede egiten dioten harreman edota elkarreraginak, bat-batean ikaragarri hunkitzen zaituen giro bat... eta pentsatzen duzu «honek badauka zerbait kontatu nahi dudan horri buruz». Frogak, irudiak, entseguak, testuen inprobisazioak, pertsonaien aurkezpenak eta, azken finean, zeresana dutenak biltzen ditugu hurrengo pausura iristeko. Orduan, loturak egiten hasten gara berriz ere, zer gertatuko den jakin gabe. Horrela, oso modu poliedrikoan bazter desberdinak sortuzen eta elkarren artean harilkatzen joaten gara, istorio bat josten alegia. Eta kontatu nahi duzun hori poliki-poliki azaleratzen joaten da, gutxi gorabehera argi ikusten duzun arte, «bai, hau da nahi genuena». Eta hor hasten zara benetako joskerak, entseguak eta idazketak egiten.

Laborategi lana horretan datza; elementuak sartu, nahastu eta ikusi denak elkarrekin non eusten diren, non sortzen duten izaera edo gorputz bakar bat.

 

Horrelakoetan frustrazio momentuak bizi izaten dituzue?

Noski. Baina ezin aurrera egitea eta galduta egotea guztiz normala dela ikasten duzu azkenean. Gerta daiteke obra estreinatzera zoazenean gauzak guztiz argi ez ikustea, estreinaldia baino ordu batzuk lehenago zure buruari «zer da hau?» galdetzea. Publikoaren aurrean jarri eta bere erantzuna jaso arte ez dakizu zein den zure lanaren dimentsioa. Hortaz, bai, frustrazio une asko egoten dira, izan ere, sormen prozesu osoan zehar egoten dira gorabeherak. Baina frustrazioak bezala, subidoiak ere egoten dira. Eta azkenean galduta sentitzea zure lanaren parte dela onartzen duzu.

 

Zaila da horrelako momentuetan talde gisa aurrera egitea?

Zaila baino, konfiantza ariketa erraldoia da. Momentu horietan lidergoa daramanak besteak gidatzeko ardura hartzen du; ideia batzuk planteatzen ditu eta besteok dena ematen saiatzen gara. Ardura horiek nork hartzen dituen aldatzen joaten da, nahiz eta normalean bakoitzak hobeto kudeatzen dituen funtzioak izaten dituen. Taldean lan egiteak zaildu baino gehiago babestu egiten zaitu horrelako momentuetan. Frustrazio momentu batean beste bide bat proposatuko duen inor ez izatea are gogorragoa da.

 

Istorioa antzezleek osatu duzuen arren Oier Guillan izan duzue hor laguntzaile.

Oier oso idazle ona da, sortzailea eta intuizio oso-oso ona duena. Prozesuaren une zehatz batean, non gu idei, pertsonai eta hitzen zurrunbiloan itsututa gauden, kanpotik kutsatu gabe eta hutsik datorren norbaitek interesgarria dena eta zalantzak sortzen dituena argiago bereizten ditu. Bere proposamenek asko lagundu gaituzte. Beste batzuetan, gure gaiari lotutako testu edo poesiaren bat eskatu izan diogu, guretzat helduleku izan dadin, imajinario zehatz bat sortzen lagun gaitzan.

 

Estiloari dagokionez, estetika asko zaintzen duzue. Eszenografiaz gain, koreografiaturiko mugimenduak oso neurtuta dituzuela ikus daiteke. Era berean, horrek zuen estiloan hain bereizgarri den errealismo magiko hori sortzen laguntzen dizue.

Azken lanetan gauza nahiko ilunetatik abiatu gara. Hala ere, gero oso argitsu bilakatu dira. Kontraste batean jokatzea asko gustatzen zaigula uste dut, oreka hori topatzea.

Estetikari lotuta, guk mugimenduari garrantzi handia ematen diogu; ez soilik aktoreen gorputzenari, baizik eta baita elementu eta espazioen mugimenduari ere. Txotxongilo mundutik nahiko hurbil egon daitekeen zerbait da. Aktoreak bat-batean elementu bat izango balitz bezala jokatzen du; edo eszenan zegoen elementu baten esanahia guztiz aldatzen dugu eta ohea zena telefono kabina da orain. Antzerki jolas soilaren parte da hori, oso basikoa dena baina era berean ikusleengana iristen dena. Koreografia hori asko gustatzen zaigu sentsazioak sortzeko eta erritmo bat markatzeko.

 

Tragedia eta komedia uztartzeko joera ere aipagarria da. Ikusleak bidaia emozional gorabeheratsu batean sartzen dituzuela esan daiteke.

Suposatzen dut gure egiteko moduan oso sartuta dagoen zerbait dela. Baina ez dugu nahita egiten. Azken finean eszena lanak eta hor deskubritzen duzunak agintzen du. Hasierako erabaki batzuk kontzienteak dira, drama edo tragediatik abiatuko zarela esaterako, baina gero inoiz ez dakizu zer eta nola kontatuko duzun. Gerta daiteke eszena bat kontatzeko abiapuntu tragikoa jartzea baina lanean hasi ondoren hori kontatzeko modurik onena komedia dela deskubritzea. Draman blokeaturik gaudela, aktoreetako batek giroa apurtu eta komedia egiten hasteak desblokeatzeko balio dezake. Eszenarekin aurrera egiten duzu eta konturatzen zara oso ongi pasatzeaz gain, istorioaren erritmoa ere biziagotu egiten duela. Apurketa horiek obra osoaren egiturari mesede handia egiten diote.

Hori guztia utzi egin behar da gertatzen eta eszenak esaten dizuna jasotzen. Balio badu, tragikoa edo komikoa den pentsatzeari utziz.

 

Eszenografia soila erabiltzen duzuela aipatu duzu, objektu gutxirekin gauza asko kontatzen saiatzen zaretela. Publikoari irudimena erabiltzea eskatzen diozue.

Bai. Hori behar batetik sortzen da; izan ere, ezin ditugu sekulako eszenatokiak sortu eta gainean eraman. Hori ez da gure antzerki mota. Guk antzerki nahiko fisikoa egiten dugu, testuari uko egin gabe inoiz, baina koreografia eta mugimenduei erreparatuz. Oso parte inportantea iruditzen zaigu.

Era berean, ikusleak sortzaile bihurtzea ere interesgarria da guretzat. Guk proposamen bat egiten dugu eta publikoak osatu behar du, sinistu, ikusi eta bertara gerturatu. Edo ez; hori beti arrisku bat izango da.

Gainera, txotxongiloekiko hurbiltasunagatik, guri objektu lana asko gustatzen zaigu. Irudimenari ateak zabaltzeko modu inportantea da. Sorpresak eragiten dizkigulako da baliagarria guretzat. Eta baliagarria delako ez dizkiogu mugak jartzen. Balio digu, beraz aurrera. Gauza gutxirekin egiten duzuna zure ideia transmititzeko nahikoa bada, baliagarria iruditzen zaigu.

Objektuek har dezaketen maila sinboliko eta metaforiko hori ere asko interesatzen zaigu. Poetikarako bide bat irekitzen digula uste dut.

 

Ebidenteegia den horrek poetika mugatzen du?

Obraren arabera. Lan batzuetan testuak izango du karga poetikorik handiena eta beste batzuetan espazioek garrantzi handiagoa hartuko dute. Gure kasuan, mugatuko lukeela uste dut, bai.

Nik ikusi ditudan antzezlan batzuetan, eszenografiak itxiegiak direnean, oso politak dira, baina horri mugimendua ematea ia ezinezkoa da. Dejaburen ikuspuntutik, hilik jaiotzen diren eszenografiak izan daitezke. Gero, beste jende batek hori lantzen jakingo du, noski.

 

Hamabost urte beteko dituzue laster, eta ibilbide aberatsa izan duela esan daiteke. Azken urteetan errekonozimendu ofiziala jaso duzue Donostiako hiru antzerki sari jasoz (Errautsak, 2011; Gure bide galduak, 2012; Arrastoak, 2015). Nola jaso dituzue?

Oso pozik. Sarien kontua azkenean zerbait anekdotikoa da. Guretzat garrantzitsua izan da, baina Euskal Herrian antzerkiak bizi duen egoera oso aberatsa izan arren bere mugak ere baditu. Ez da jende nahiz konpainia gazte eta sortzaile berri ugarirekin etengabe borborka ari den gune bat.

Horregatik, sariak jasotzea baino, politagoa izan da besteak beste Artedrama edo Le Petit Theatre de Pain taldeekin lan egitea. Guretzat opari bat izan da Errautsak edo Hamleten parte hartzea, jende hori guztia ezagutzea, sare horretako parte izatea. Hori izan baita beti gure lan egiteko modua. Errenteriako Mikelazulo elkartea sortzaile askorekin elkarlana abiatzeko topaleku izan da, eta horrek asko aberastu ditu gure lanak, besteak beste, eszenografia, jantziak edo musikaren bitartez. Sare hori da guri babesa ematen diguna.

Sarien bidezko errekonozimendua ere garrantzitsua da. Hemen hainbatetan programatua izatea ez baita erraza. Eta antzezlan batek hori behar du: estreinaldia egin eta hainbat emanaldi eskaintzea forma har dezan eta aktoreok oholtzan arnasa har dezagun. Sari baten bidez norbaitek lupatxo bat jartzea zure antzezlanean gozada bat da. Sariez gain, beste sistema edo leku batzuk beharko genituzke ikusgarritasun hori lortzeko.

 

Nola ikusten duzu euskarazko eszena?

Ez dakit zer esan. Gustatuko litzaidake benetan euskaraz sortutako antzezlan gehiago ikustea. Izan ere, badira antzezlan asko euskaraz ikus ditzakegunak baina gazteleraz sortu direnak. Eta guri abiapuntua euskaraz izatea asko interesatzen zaigu. Beste hizkuntza batera itzultzeak aldaketa asko ekartzen dizkiolako antzezlanari, ia beste antzezlan bat izateraino.

Bestalde, oso gogotsu dagoen jende on eta baliagarri asko ikusten dut. Proposamen bikainak daude, baina lan horiek jasotzeko guneak eta uneak falta dira. Lehen esan dudan moduan, lan bat sortu ostean, emanaldi batzuk beharrezkoak dira lan horrek funtsa har dezan. Hori inportantea da sortzaileak emango duen hurrengo pausurako.

 

Zergatik joan Arrastoak ikustera?

Antzerkia hor dagoelako, eta eserleku bat duzulako. Antzerki taldeak ezin ditu ikusleen lekuak bete. Gure lana puntu bateraino iristen da. Borobila ixtea publikoaren esku dago. Antzezleak edo sortzaileak erabaki dezake zer iradoki nahi duen; ikusleak zer jasoko ote duen, ordea, ikusle bakoitzak ikusiko du bere begirada eta esperientzia propioetatik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!