Euskararen mamuak

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Arano Urriza 2016ko ots. 5a, 18:21
Konplexuz beteriko politika hauek alboratzen ditugu edo Euskarak ez du sekula dagozkion lekua eta errespetua bereganatuko

 

Beldur naiz Nafarroan aldaketak ez dituela euskararen mamuak uxatuko. Beldur naiz aldaketak ez dituela euskararen inguruan eraiki diren hesiak, tabuak eta topikoak gaindituko, inposizioaren dogmarekin apurtuko. Eta nire beldurrak aspaldi sortu ziren arren, mamuak orain hasi dira puzten, noiz eta ustez betirako desagerturik behar zutenean. Izan ere, alderdi estatal eta espainolistek duten euskararen kontrako fanatismo ideologikoa beldurgarria da, barnean daramate piztia eta, konfrontaziorako eremu amankomun gisa erabiliko dutela nabarmen geratu da azken egunotan. Eta beldurraren gainetik, haserre nago, euskaltzale nituen esparruetan ez dudalako aldaketarik ikusten, ez mamu horien aurkako estrategiarik antzematen.

   Nafarroan aldaketa prozesu batean sarturik gaude eta pixkanaka-pixkanaka ari gara pausoak ematen, eredu sozial eta kultural berri baten bidean. Ez da beldurrik politika sozialak biderkatzeko, aldaketa fiskalak eragiteko, desadostasunetan erdibideak topatzeko, Opusen pribilegioetan eskua sartzeko... Baina bada gai bat oraindik debeku dena, adostasunak lortzea zaila denez, iraunkor eta mugiezin mantendu nahi dena: Euskararen mamua. 

   Inposizioaren dogma, elkarbizitzaren tranpa. Oraindik UPNren menpean bizi ginen inposizioaren dogma irentsiarazi zigutenean, alegia, euskaldunon eskubideak onargarriak izango direla soilik gaztelerarik gabeko mundu batean. Beste eszenatoki guztietan, bigarren mailakoak gara. Zergatik? Bada ezin ditugulako gure eskubideak inposatu, alajaina! Gaztelania txit eta gorenari itzalik ezin diogulako egin, ez hezkuntza eredu kalitatezko batekin, ez herritar elebidunekin, ez erakargarritasun historiko eta kultural gehiegizkoa izan dezakeen hizkuntzarekin... Ea azkenerako gustatu egingo ote zaien gaztelaniar elabakarrei! Eta onartu beharko duten Euskara nafarron berezko hizkuntza dela, eta aitortu beharko duten balioa eta erabilpena dituela. 

   Nafarroan azkeneko urte luzeetan bazterkeriaren politika bultzatu duen erregimen politiko baten menpe egon gara, euskararen kontrako, berezko hizkuntza baten aurkako jazarpena indartu duena. Europa modernoan behintzat parekorik ez duen jarrera: ezagutzaren eta eskubide eta gaitasun linguistikoen aurkako jardun sistematikoa, bai administraziotik eta foru erakundeetatik, bai gizarteko elite kontserbadorearen aldetik ere. Liburuak erre izan dituzte gizakiaren historian zehar, ezagutza eta adierazpen askatasuna mugatzeko; eta Nafarroan Erregimenak euskara, euskal hedabideak eta ikastolak zigortu ditu, gure hizkuntzaren ezagutza mugatu nahian.

 

 

   Eta, testuinguru horretan saldu ziguten alderdi estatal eta espainolistek elkarbizitzaren tranpa. hau da, euskarari garapen propioa ukatzea; esparru propio bat aldarrikatzea, errespetu falta bat delako. Zoritxarrez, alderdi ustez euskaltzale bat prezioa galdetu gabe erori zen elkarbizitzaren tranpan. 2015. urtea zen, Foru Parlamentuak, Izquierda-Ezkerrak bultzatuta eta UPN, PSN, PPN, eta Geroa Bairen babesarekin, mozio adierazgarri bat onartu zuenean: Nafarroako Gobernuari eskatuz eskola guztietan hizkuntza eredu ezberdinen arteko elkarbizitzaren alde egin zezala. Ohartu gabe -edo agian helburu oso argi batekin- gaur egunean milaka eta milaka haurren eremu euskaldun bakarra eskola izaten dela. Hiztun askorentzat D ereduko eskolako testuingurua da euskaraz eraginkortasunez eta askatasunez aritzeko aukera bakarra, trabarik eta etenaldirik gabe.

   Elkarbizitzaren argudioa tranpatia da, Nafarroako hezkuntza sare publikoan murgiltze linguistikoaren oinarrizko printzipioa desagertaraztea duelako helburua. Eta gaur egun primeran funtzionatzen duten espazio horiek gabe, oxigeno gune horiek gabe, euskararen berreskurapen prozesuak atzera egin dezakeelako. Murgiltze sistemaren zentzua eta helburuak ulertuz gero, ez du ez hanka eta ez buru elkarbizitzaren planteamentuak. Euskara eta gaztelaniaren arteko elkarbizitza -baldintza, aukera eta baliabide berdintasuna, alegia- indartzeko esparru ugari daude, administrazioa, osasun sarea, kultur eta aisi esparruak... Baina hezkuntza eredu bat kolokan jarri nahi izatea, bestelako kontua da. Eta bestelako arrazoiak daude atzean.

   Murgiltze proiektuek arraskasta handiak ekarri dituzte, bai Kanadan eta baita Europa barruan ere, izan Gales, Suiza, Escozian, etab. Eta gainera soberan frogatuta dago sistema bereziki zentzuduna eta eraginkorra dela bi hizkutza baldintza desberdinetan elkarbizi diren eremuetarako, hemen euskararen kasuan gertatzen den bezala -eta borondatea egoera kaxkarragoan dagoen hori indartzea bada, noski-. Beraz, gutxienez, ezjakintasuna antzematen zaie murgiltze sistema bezalako kontzeptu soziolinguistikoak aniztasun politikoarekin edo gizarte elkarbizitzarekin nahasten dituzten horiei. D ereduko eskolak ez dira inolako ghettoa -horretarako gaztelerako eredu publikoan gertatzen ari dena aztertu beharko genuke eta galdetu zergatik alderdi espainol eta ezkertiarrak ez dauden horrekin kezkatuago, ni bai kezkatzen nauelako bertan gertatzen ari den 'ghettizazio' prozesu horrek-. Murgiltze ereduan parte hartzen duten ikasleak eremu euskaldun oso batean bizi dira ordu batzuez, bigarren hizkuntza horretan gaitasunak bereganatuz, erabat elebidunak izan arte -batzuetan ematen dugu gogoratu beharra dagoela euskaldun elebakarrak aspadi desagertu zirela eta haurren gehiengoak gaztelera duela etxeko hizkuntza-. Eta eskola eremu horretan, denetariko pertsonekin egoten dira harremanetan, jatorri, maila sozial eta pentsamendu anitzetakoak.

   Elkarbizitzaren argudioa arma arriskutsua da, euskara eta elkarbizitza bateraezinak direla iradokitzen duelako eta, ondorioz, D ereduaren zabalpena kolokan jartzen duelako. Eta horren atzean, ezjakintasunaren, arinkeriaren, gorrotoaren, konplexuen eta demagogiaren mamuak daude. Horregatik da beharrezkoa gogoratzea euskara hutsezko eremuen garapena ez dela errespetu falta, eskubidea baizik. Edozein unetan etorriko delako eztabaida bueltan. Artean, Sarrigurengo eskolaren gaian. Ez gaitezen berriro ere tranpa berean erori.

   Euskaren Lege berria: programa akordiotik kanpo. Euskarari ematen zaion lekuaren adibiderik garbiena. Aldaketaren Gobernu batek aldaketatik kanpo utzi du Euskaren Lege berria. Nafarroaren zonifikazioarekin apurtzea helburu lukeen legea desadostasunaren txokora bidali dute, berriro ere, I-Ek, Podemosek eta, Geroa Baik. Konplexuz beteriko politika hauekin bukatzen dugu edo euskarak ez du inoiz dagokion lekua izango. Eta argitu nahi nuke, zalantzak dituen horrentzat orain duen lekua ez dela inolaz ere euskarak eta euskaldunok merezi duguna, mendeetako erasoen ostean zigortuen gelan jarri gaituzte eta gela horretatik ez gara aterako giltzapean mantentzen bagaituzte. Zorionez, aurtengo matrikulazioetan aukera izanen dute zonalde ez euskalduneko guraso eta haurrek euskaraz ikasi ahal izateko, iragan urtean onartu zen aldaketari esker -aurreko puntuarekin loturik, kontuz euskaraz ikasteko aukeraren eta murgiltze eredu baten arteako ezberdintasunean, handia baita-. 

   Euskararen eskaintza zonalde ez euskaldunera zabaldu dugu, eta pauso bat da, baina ez da nahikoa. Eta kezkatzen nau asko eroso izanen direla halako mugimentu txikiekin, horrela erakutsi dutelako gobernu akordioa negoziatzeko orduan. Euskarak bizi izan duen jazarpenak ordea ez ditu mugimentu txikiak behar, sakonak eta ausartak baizik. Euskarak ofiziala behar du izan Nafarroa osoan, maila guztietan eta horrek dituen ondorio guztiekin. Eta egun batetik bestera egitea zaila izanen da, badakigu, baina gaia betirako desadostasunen armairuan gordetzeak ez du lagunduko.

 

 

   Azkeneko zirihartzea: Hezkuntza oposizioak eta zerrenda bakarra. Onartezina eta iraingarria. Ez dago beste hitzik Geroa Baik egin duen azkeneko mugimendua azaltzeko -besteak beste, ziria sartu diguten gainontzekoak zer diren badakigulako, nahiago dute aldaketa berari bizkarra eman eta UPN-PSN-PPNren hanka tartera itzuli Euskarari oxigeno gehiegi ematea baino-. Zergatik atzera pausoak beti euskarekin ematen dira? Hain da baliogabea euskara aldaketaren gobernuarentzat? Nola ulertu aldagai guztien artean euskarari barre eta min egitea kalterik txikiena izatea?

   Nafarroako Gobernuak Hezkuntza LEParen inguruan erakutsi duen jarrera UPNren politika baztertzaileen parekoa da, euskarazko irakasleak kaltetuz eta hizkuntza propio baten ezagutza zigortuz. Ordua da nafar herritar guztien lan eta hizkuntza eskubideak errespetatzen hasteko, eta beraz, aukera berdintasunaren alde egiteko. Eta euskarazko 120 plaza kolokan jarri ostean, lotsagatik behintzat, egiten al zuten zerrenda bakarraren alde. Baina ezta hori ere. Jakinik zerrenda bakarra dela irakasle euskaldunek aspalditik bizi duten lan bazterkeria larri eta onartezinari irtenbidea emateko modu bakarra. Irakasle guztiek euren gaitasunak frogatzeko aukera berdinak dituztela bermatzen duena. 

   Nafarroan euskararekin bizi dugun egoera aldrebesak ez du lekurik eta justifikaziorik sistema demokratiko eta justu batean. Eta horregatik, erabat onartezina da aldaketaren gobernuak bazterkeriaren bidetik jarraitzea, irakasle euskaldunak modu tematian zigortuz eta, beraz, elebakartasuna eta Euskararen ezezagutza indartuz.

   Gogoratu beharra dago zerrenda bakarraren eredua erabiltzen dela Nafarroako Foru Administrazioko alor guztietan, hezkuntzan eta euskarari dagokionez ez beste. Areago, zerrenda bakarraren sistema erabiltzen da naturaltasun osoz eta inolako konplexurik gabe Estatuko Erkidego elebidun guztietan, metodo justu bakarra delako, irakasle guztiak baldintza berdinetan hartzen dituena eta, gainera, gizarte eleanitz baten garapena ahalbidetzen duena. Aldea da gainontzeko erkidegoentan, Izquierda-Unida, CCOO, Podemos... ixilik daudela, konforme. Zergatik hemen irizpide aldaketa hori? Zergatik halako fobia euskarari? 

   Aldaketaren bidea hasi genuenean argi zegoen normalizazioa izango zela gure herrialde honetako erronkarik handiena, eta hala izanen da, bereziki, euskararen normalizazioa. 

   Gizarte euskaldun eta eleanitza nahi baldin badugu etorkizunean, uxatu ditzagun behingoz mamuak eta konplexuak eta landu dezagun eragile eta indar guztion artean epe luzerako estrategia egoki eta eraginkor bat.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!