Euskararen Eguna Administrazioetan: Kalejirako aldarrikapenak.

Erabiltzailearen aurpegia adm.euskaraz.taldea 2017ko mar. 31a, 23:28
Nafarroako Administrazio Publikoetako Korrika Batzordeak Euskararen Eguna antolatu du Administrazioetan, Korrika Iruñera hurbiltzen dela ospatzeko. Bide batez, aldarrikapenak mahai gaineratu ditu, Nafarroako Gobernuan, Iruñeko Udalean eta Estatuko Administrazioan utzitako idazkian. Justizia Administrazioan ere utziko du.

ERREGISTROETAN UTZITAKO IDAZKIA: NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOETAN EUSKARAREN ERABILERA ARAUTZEKO DEKRETUA ALDATZEKO PROPOSAMENA

 

Nafarroako Administrazio Publikoetako Korrika Batzordeak Euskararen Eguna antolatu du Administrazioetan, Korrika Iruñera hurbiltzen dela ospatzeko.

 

Bide batez, aldarrikapenak mahai gaineratu nahi ditugu, Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzen duen 29/2003 Foru Dekretua aldatzeko prozesuan dagoela kontuan hartuta.

 

Eremu guztietarako:

 

1)      Estatuko Administrazioa Dekretuaren aplikazio eremuan sartzea.

2)      Hirugarrenen bidez ematen diren zerbitzu publikoak aplikazio eremuan sartzea.

3)      Lanpostuetan euskara jakitea derrigorrezkoa izatea erabakitzeko herritarrei eman beharreko arreta eta euskara lan hizkuntza izatea kontuan izateko arrazoiak izatea.

 

Eremu euskaldunerako:

 

4)      Hizkuntz profila izanen duten lanpostuen kopurua zehazteko irizpidea (irakasleak kontuan hartu gabe): Gutxienez, euren eremuan duten euskaldun hiztunen portzentaia gehi euskaldun pasiboen portzentaia gehi % 2 izatea. Estatuko Administrazioari eta Nafarroako Gobernuari dagokionez, honetarako euren eremua eremu euskaldun osoa izanen da.

5)      Lanpostuan euskara jakitea nahitaezkoa ez denean, euskara baloratuko da meritu moduan edo azterketa ez baztertzailean (gutxienez, deialdiko puntu guztien % 10). Puntuazio hau mota guztietako deialdietan izanen da, deialdian lor daitezkeen puntu guztien artean aterako dira portzentajeak, ez dira atal berean beste merituekin batera puntuatuko eta oposizioetan ere erabiliko dira froga ez baztergarri baten bidez.

 

Eremu mistorako:

 

6) Administrazio guztietan, euskaraz jakitea nahitaezkoa duten lanpostuen kopurua zehazteko (irakasleak kontuan hartu gabe): Euskaldun hiztunak gehi euskaldun pasiboak gehi % 2 izatea, gutxienez. Estatuko Administrazioari eta Nafarroako Gobernuari dagokionez, honetarako euren eremua eremu misto osoa izanen da.

7) Administrazio guztietan, gainontzeko lanpostuetarako euskaraz jakitea puntuatzea: Gutxienez % 10 jendaurreko lanpostuetan eta gutxienez % 5 gainontzekoetan. Puntuazio hauek mota guztietako deialdietan izanen dira, deialdian lor daitezkeen puntu guztien artean aterako dira portzentajeak, ez dira atal berean beste merituekin batera puntuatuko eta oposizioetan ere erabiliko dira froga ez baztergarri baten bidez.

 

Eremu “ez euskaldunerako”:

 

8) Euskarazko idazkiak tramitatzeko betebeharra, Nafarroako Gobernuko itzulpen ofizialeko zerbitzuak erabiltzeko aukerarekin.

9) Komunikazio administratiboetan, inprimakietan, argitalpenetan eta abarretan, elebitasuna erabiltzeko aukera ematea.

10) Euskararen Legea eta bere xedeak betetzeko euskaraz jakitea eskatu edo puntuatzeko aukera ematea.

 

Bestaldetik, Osasun Txartela hiritar guztiei elebidun bidaltzea eskatzen dugu, hizkuntza batean edo bestean soilik nahi dutenei hala jasotzeko aukera emanda.

 

Nafarroako Gobernuari dagozkion proposamenak dira. Iruñeko Udalari, Estatuko Administrazioari eta Justizia Administrazioari eskatzen dieguna da proposamen hauek euren eremuan garatzea.

 

2017-03-31.

 

NAFARROAKO ADMINISTRAZIOETAKO KORRIKA BATZORDEA.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!