Ez eman botorik Iñaki Bernali!

Erabiltzailearen aurpegia adm.euskaraz.taldea 2015ko aza. 30a, 00:00
Irakasleen deialdia bertan behera uzteko mozioa Parlamentuak eztabaidagai duen honetan (Nafarroako Gobernua ataka larrian utz dezakeena), abenduaren 20an joko makiaveliko hori ez zaio Ezkerrari dohainik atera behar!

EZ EMAN BOTORIK IÑAKI BERNALI!

 

Nafarroako Gobernuak deialdia proposatu du, 320 irakasle hartzeko: 228 plaza euskaraz eta 92 gaztelaniaz. Horrek sindikatu eta alderdi batzuen aldetik kritika andana eragin du. Jakina, Nafarroako Gobernua babesten omen duten Ezkerra eta Ahal Dugu alderdien aldetik etorritako kritikek eta erabakiek garrantzi berezia daukate. Azken batean, horiei esker, Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak berak eskatu dio Gobernuari deialdia bertan behera uzteko, Adierazpen instituzional baten bidez.

 

Afera honen inguruan hauxe da gure taldearen iritzia:

 

Administrazio Publikoen printzipio gidaria interes publikoa da. Eraginkortasuna eta baliabide publikoen erabilera ona, baita giza baliabideena ere, beste printzipio batzuk ditu.

 

Irakaskuntzari dagokionez, hauxe da oraingo legearen printzipioa: Gurasoek erabakitzen dute euren seme-alabentzat nahi duten eredua. Beraz, irakasleen deialdiak ateratzean, hori da kontuan hartzeko ezinbesteko zutabea. Irakasleak ez dira ikasleen eredua erabaki behar dutena, ezta ikastetxeetako zuzendariak edo Administrazioa ere. Gurasoek dute hitza. Legeak hala dio, bederen.

 

Gurasoen hautuak ezberdinak dira. Joerak, gainera, aldakorrak dira. Momentu batzuetan, euskarazko ereduak gorantz jotzen du. Beste momentu batzuetan alderantziz da. Zer egin dezake Administrazioak egitate horren aurrean, bere burua ongi prestatuta egoteko? Hori garbi dago, eredu guztietan aritzeko gai den pertsonala behar du. Hau da, giza baliabideak ongi antolatuko baditu, irakasle elebidunak hartu behar ditu. Horrela, gurasoen joeren gorabeheretatik babestuta egonen da, beti izanen baititu irakasle egokiak.

 

Beraz, deialdi horretan gaizki iruditzen zaigun bakarra gaztelaniazko 92 plaza ateratzea da. Hartuko dituen irakasle elebakar horiek egokiak izan daitezke momentu batzuetan, baina D eredua zabaltzen bada, soberan izanen ditu (lanik egin gabe kobratuko dute). Gure ustez, lanpostu horiek ateratzeko interes publikoa ez du behar bezala baloratu eta eraginkortasunaren printzipioa urratzen du. Hor, bai prebarikazioaren zantzuak ikusten ditugu. Agian hitz gordinegia da, baina interes publiko nahikorik ez dugu ikusten, aipatutakoa kontuan hartuta.

 

Ezkerra eta Ahal Dugu alderdiek ulertu behar dutena da Administrazioa ez dela jendeari lanpostu publikoak oparitzat emateko lekua, nahiz eta jende hori irakasle ez euskaldunak izan. Administrazioak lanpostuak banatu behar ditu bere beharren arabera, interes publikoari begira eta eraginkortasuna irizpide hartuta. Irakaskuntzan, gainera, lanpostuak gurasoen borondatearen menpe daudela ere kontuan hartu behar du.

 

Ahal Dugu alderdiak “kasta”-ren aurkako diskurtsoa garatu ondoren, orain Administrazioan irakasle erdaldunen kasta bat sartu nahi duela ematen du, D eredua zabaltzea oztopatuko duena. Ezkerrak asmo bera omen du.

 

Jarrera horien aurrean zer egin dezakegu euskaltzaleok? Batzuetan zer eginik gabe geratzen gara, baina kasu honetan aukera ederra daukagu. Abenduaren 20an hauteskundeak daude eta Senaturako Aldaketa Hautagaitza Herritarra aurkeztuko da Nafarroako Gobernua babesten (?) duten alderdiekin. Gure taldeak garbi dauka: Horietako biri botoa ematea onargarria da, baina Ezkerrak proposatutako Iñaki Bernali botoa ematea, ez. Hori kontuan izanik, Ezkerrako Iñaki Bernali botorik ez emateko eskatzen diegu Nafarroako euskaltzale guztiei.

 

Norbaiti hauteskunde akordioa apurtzea kontzientzia arazoa sortzen badio, hona hemen, Nafarroako Gobernua osatzeko akordioko bi puntu (Ezkerrak ahaztuta):

 

-       Eleaniztasun sustatzea, Nafarroako berezko hizkuntzak (gaztelania eta euskara) ezagutzatik abiatuta.

-       Hizkuntz murgiltzearen eta euskarazko irakaskuntza zabaltzearen aldeko apustua.

 

Irakasleen deialdia bertan behera uzteko mozioa Parlamentuak eztabaidagai duen honetan (Nafarroako Gobernua ataka larrian utz dezakeena), abenduaren 20an joko makiaveliko hori ez zaio Ezkerrari dohainik atera behar!

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!