Iruñerriko euskaldunon agerkaria
euskalerriairratia.eus

Ez dut aita izan nahi

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Yecora 2017-04-06 14:39   Iritzia

Ez naiz aita ez ez dut kosta ahala kosta izan nahi.

Adopzioa aukeretako bat da, baina nazioarteko adopzio aukera aztertu nahi izatera, oztopo handiak daude genero bereko pertsona batekin bizi bazara, eta horretan gezurrik esateko gogorik ez. Behin armairutik aterata, hobe atea ongi ixtea. Kanpoan ez dago beti giro onik, baina barruan itotzeko arrisku handia dugu.

Orain bestelako aukera zabaltzen ari dela ematen du: emakume baten gorputza alokatzea bederatzi hilabetez. Aldeko eta kontrakoak sutsu mintzo dira eta gutxi barru, nonbait, modu legalean egiteko aukera izanen da. Aste honetan bertan Nafarroako Parlamentuan horren gaineko saioa izan da.

Aldekoek emakumearen askatasuna errepikatzen dute, euren gorputzaren erabilpenaren askatasuna... baina inozoak izango ginateke aukera hori ustezko askatasunean soilik eraiki nahi izango bagenu. Askatasunean? Akaso dirua duten emakumeak prest daude haurdunaldi osoa pasatu eta gero haurra beste bati emateko?

Ni ez naiz emakume baten sabela, haren organoak, finean bere burua alokatzearen aldekoa. Emakumeak bidaide sentitu ditut sexu eta genero askapen mugimenduan, eta ez nago prest orain horrela tratatzeko. Errespetu osoa erakutsi nahi diedalako aita izan gabe segituko dut; bueno, eta bada beste arrazoi bat: ez nago prest dirutza hori ordaintzeko seme edo alaba bat erosteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa