Iruñerriko euskaldunon agerkaria
euskalerriairratia.eus

Armadaren gonbidapenak ikastetxeetara ez iristeko eskatu du Sortzenek

Erabiltzailearen aurpegia Sortzen 2015-10-30 12:07   Gizartea

Batallon Americak gonbidapena luzatu die hainbat eskolei, armada ezagutu dezaten -berrian, ikusgai-; Mendoza kontseilariak "legala" dela dio. Sortzen Elkarteak, baina, Hezkuntza Sailak esku hartzea nahi du.

Sortzen Elkartearen oharra:

“America 66” espainiar ejertzitoaren batailoiak bidalitako gonbidapenak direla eta, duela aste batzuk gure kide diren hainbat ikastetxeetako guraso elkarteen kexak jaso genituen. Kezka hauek arduraz jaso genituen.

Gaiak parlamentura eman du saltoa, normala den bezala, harrigarria eta kezkatzekoa baita Hezkuntza eremu batean, gatazka belikoak eta gerrak sustatzen dituzten irudi, mezu eta objektuak gure seme alaben eskura jarri nahi izana.

Gertakari hauei erantzunez, gaur, Kontseilari Mendoza jaunak, gutun hauen bidalketa erabat legalak direla adierazi du.

Gu ez gara legala den edo ez den eztabaidan sartuko. Legala izan daiteke, baina era bat beldurgarria ere.

Gure seme alabak imaginario beliko eta biolentziaz betetako honetan hezteak, gurasoak garenon kezkatik harago jo beharko luke. Zer motatako jendartea nahi dugu? Etorkizuneko jendartearen muina, arma, bonba eta gerren gorazarrean hezi nahi al dugu? Bakea eta biolentziarik gabeko jendartea eraikitzea guztion ardura da. Bai hezkuntza komunitatearena zein familia eremuena. Zer esanik ez Departamentuak honetan duen bete beharra.

Honexegatik, uste dugu eta berriz eskatu ere, Hezkuntza departamentuak bitartekari egin dezala halako gonbiteak berriz jaso ez daitezen.

Azkenik, erabateko beharra ikusten dugu hezkuntza zentroetan, gatazkak konpontzeko baliabide ez biolentoak, bizikidetza eta bakea sustatu, landu eta garatuko duten dinamikak eta programak mahai gaineratzea. Bide horretan prestutasun osoa jartzen du Sortzenek.

 

Erantzunak

ezkaba 2015-10-31 10:36 Erantzuna | #1

Batzuk ze testu liburu ez den erabili behar esaten ziguten eta orain beste batzuk ikastetxeei gonbidapenak nork bidal diezaiekeen mugatu nahi dute? Ez al da antzeko jokabidea? Ados gustuko ez izatearekin, baina gonbidapena bidaltzeko eskubidea dutela deritzot, gonbidatu dutena gonbidapenari jaramonik ez egitekoa duen bezala. Askatasuna ezin da batzuentzat mugatu eta besteentzat ez. Beste gauza bat izango zen ikastetxe batek euren ikasleak horrelako ekitaldi batera eraman izana salatzea, ikasleengan izan dezakeen eraginagatik edo irizpide pedagogiko faltagatik, baina hemen ikastetxe batera bere jardueraren berri emateko duen edozein erakunderen askatasunaz ari gara. Nola eskatuko du Hezkuntza departamentu batek, berdin zait zeini, informazioa bidal ez dezan? Jarduerei buruzko informazioa zabaltzea ukatzen ari gara? Hori zentsura da ezta? Iparra galtzen ari gara.

Erabiltzailearen aurpegia Sortzen 2017-03-22 17:09 Erantzuna | #2

Aiba, orain konturatu gara iruzkin hau zegoela ...
Ba, hara erantzuna:
Ez, lasai, ez dugu iparra galdu, oraindik, je,je !
Ez ahaztu militarrak direla, Espainar Estatuko erakunde militar nagusia. Ez da kultur elkarte bat, ezta alderdi politiko bat ... Militarren zeregin bakarra hiltzeko prestatzea da, ahalik eta hobekien, ahalik eta eraginkorren. Gogoratu behar dugu ere Nafarroako milaka gazteek egindako borroka, intsumisioa, ejerzitoekin bukatzeko helburua zuena. Zentzu horretan, Unai Salanuevaren kasua daukagu, edota atxilotuak eta jipoituak izan ostean Iruñeko espetxetik pasa ziren ehunka gazteen sufrimendua. Eta milaka nafartarren mobilizazioak, noski !
Besterik gabe, uste dugu ezin dugula Ejerzitoa eta bestelako elkarte sozio-politkoa maila berean jarri, ez duzu uste?
Eta ez, guk ez dugu uste adierazpen askatasunaren kontra gaudenik, ezta gutxiago ere. Eta bai, Hezkuntza Departamenduak holako ekinbideekin, bestelako hezkuntza motaren aldeko apostua egin dezake. Horretarako "aldatu" genuen Nafarroako Gobernua, ezta?
Agur bero bat !

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa