EH Bilduk bere egoitzak utziko dizkie bertze alderdiei, "erantzukizun politikoagatik"

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroa Wow 2015ko eka. 16a, 22:35
Azken egunotan EH Bilduren hautetsiek erakutsi duten eskuzabaltasunaren jaialdian bertze urrats bat egin du koalizioak. Hemendik aurrera, Sortu, Eusko Alkartasuna, Aralar eta Alternatiba alderdiek ez ezik, "aldaketaren alde dauden alderdi guztiek" ere erabili ahal izanen dituzte EH Bilduren egoitzak, "trukean deus ordaindu gabe".

"Ordainean ez dugu deus ere nahi; eskertza hitz batzuk asko jota, edo besarkada bat. Hain gara eskuzabalak". Adolfo Araiz Nafarroako EH Bilduren zerrendaburuaren hitzak dira, koalizio subiranistaren baitan egunotan dagoen giroa azaltzen dutenak. "Atsegin handiz, Teresa Kalkutakoarena egiten ari gara. Den-dena eman, lagun hurkoaren maitasunaren alde".

"Jakina denez, erantzukizun politikoak bultzatzen gaitu, eta ez aulkinahiak, eta horrek eraman gaitu azken egunotan egin ditugun gauza batzuk egitera", esplikatu du Araizek. Gogoratzekoa da EH Bilduk Gasteizko alkatetza EAJri eman diola, PPko Marotori kentzearren, nahiz eta jeltzaleek haietaz paso egiten duten arras. Era berean, Nafarroako Parlamentuko kargu banaketan, Podemosek eskuratu du lehendakaritza, Geroa Baik lehendakariordetza eta EH Bilduk idazkaritzarekin konformatu behar izan du. Bukatzeko, gaur berean, Joseba Asiron Iruñeko alkate berriak adierazi du berak ez duela aurtengo txupinazoa jaurtitzeko ohorea izanen, nahiz eta alkatea izateagatik halaxe zegokion.

Egoitzak guztion eskura

Bada, Araizek azaldu duenez, eskuzabaltasunaren bide horretan, eta "erantzukizun politikoagatik", EH Bilduk erabaki du bere egoitza berriak, EH Bilguneak izenekoak, "aldaketaren aldeko alderdi guztiei" irekitzea. "Hasieran pentsatu genuen geuk ordaintzea bertze alderdien egoitzen alokairua. Badakizu, haien jardun politikoak ahalik eta traba gutxien izan dezan. Baina gero pentsatu genuen gehiegitxo izanen zela gure kideei horretarako dirua eskatzea, eta deliberatu genuen geure egoitzak erabiltzen uztea. Hori bai, batere mugarik gabe! Sukalderaino sar daitezke. Edo komuneraino, gogoa badute".

Konparazio batera, EH Bilduren Iruñeko egoitza [irudian] Geroa Baiko, Podemoseko (edo Aranzadiko) eta Ezkerrako kideek erabili ahal izanen dute, baina baita PSNkoek ere, baldin eta azkenean Uxue Barkosek lortzen badu alderdi sozialista aldaketaren gobernuan sartzea.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!