Gauerditik aurrera kontuz ibiltzeko ohartarazi dute adituek

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroa Wow 2015ko mai. 7a, 11:34
Hainbat aholkuri jarraituz gero hauteskunde kanpainatik onik ateratzea ez da zaila. Hala ere, aldez aurretik neurriak hartzeko gomendatu dute.

Gaur goiz etxeratzeko eguna da. Ez da gau luzeena duen eguna, ezta motzenekoa ere. Ez da ordu aldaketarik. Gauerdian hauteskunde kanpaina hasiko da. Bai, gezurra badirudi ere, oraindik ez da hasi. Horren aurrean adituek kontuz ibiltzeko ohartarazi dute, eta zenbait aholku eman dituzte.

Gauerdian etxera

00:00ak da ordu klabea. Orduan abiatuko da ofizialki hauteskunde kanpaina. Beraz, ordu horren aurretik etxeratzea da aukerarik onena. Horrela ez bada, etxerako bidean neurriak hartu behar dira. Ongi dago eguzkitako betaurrekoak janztea (nahiz eta gaua izanda, eguzkirik ez den izanen), hartara, boto emaile ehiztarien jomugatik aldentzea errazagoa da. Bestetik, eskuorri multzo bat eskuan duen inor gerturatzen dela ikusiz gero, berehala jaitsi begirada edo hartu sakelakoa eta hitz egiten ari zarenaren itsura egin. Aholku honek maiatzaren 24ra bitarte izanen diren goiz eta arratsaldeetarako ere balio du.

Telebista itzali

Torturarik makurrena telebista piztea izan daiteke hauteskunde kanpainan. Alde batetik, albistegiek ez dute deus berririk esanen. Alderdi bakoitzak minutu kopuru bat izanen du egunero bere eguneko antzerkitxoa saltzeko, eta egunero antzekoa izanen da. Bata bestearen atzetik, ordena berean, egunero-egunero, erotu arte. Debateek ere ez zaituzte konbentzituko, Nafarroan gainera giroa bero-bero aurreikusi liteke, eta horrek ideia eztabaida baino, Salbanazazu Delburg foral bat sortu dezake. Dena den, torturarik makurrena hauteskunde kanpainako iragarkiak ikustea da. Kasu! Horiek TVEn ere emanen dituzte.

Sare sozialen inbasioa

Dagoeneko politikariek sare sozialak bere egin dituzte. Hauteskunde kanpainan, baina, inbasio hori are nabarmenagoa da. Kontu berriak sortu dituzte, dagoeneko existitzen ziren batzuk sutsuki lerratuko dira batekin edo bestearekin, eta etengabe ikusiko dituzu alderdi politikoen kanpainako traolak. Proposamen bonbardaketa. Gainera, trollak inoiz baino jasanezinagoak izanen dira, eta trolltzat ez zenituenak ere troll gisa ikusiko dituzu askotan. Beraz, egun horietan komeni da sare sozialak neurriz erabiltzea. Posible bada haiek ez erabiltzea ere gomendatu dute adituek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!