Konpartsako sei erraldoi atxilotu ditu Foruzaingoak, ISISeko kideak izatea egotzita

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroa Wow 2015ko api. 17a, 13:19
Aurtengo sanferminetan, bi erraldoi bakarrik aterako dira Iruñeko karriketara: europarrak. Foruzaingoak Asiako, Afrikako nahiz Amerikako erraldoi bikoteak eraman ditu atxilo, yihadismoaren kontrako borrokaren aitzakiarekin.

Alarma gorria piztu da hiri buruzagian. Foruzaingoak azaldu duenez, Estatu Islamikoaren "zelula aktibo bat" desegin du metropoli foralean, yihadismoaren kontrako operazio batean: "Edozein momentutan atentatu bat egin lezakeen talde armatu arriskutsua atxilotu dugu", azaldu du Toribio Etxettipia inspektoreak, harro. Zehazki, Iruñeko Erraldoien eta Buruhandien Konpartsako sei figura eraman dituzte preso, ISISeko kide izatea leporatuta: Asiako, Afrikako eta Amerikako erraldoi bikoteak. Zuriak ez diren guztiak, alegia.

"Terroristak mutur aurrean izan ditugu urte hauetan guztietan, ez dakit nola ez garen lehenago horretaz jabetu", esan du Etxettipiak. "Hortxe zeuden behar genituen froga guztiak: tunika, turbante eta bestelako arropa arraroekin jantzita doaz; bizar luzea dute gizonek; eta zimitarra eskuan dabiltza alde batetik bestera". Horrez gainera, erraldoien egoera legala ez omen dago argi, inspektorearen esanetan. "Iruñean bizitzen denbora luzea daramaten arren, morroi hauek ez dute paperik. Atzerritartasun Legea eskuan, Melillako hesiaz bestaldean utz genitzake lasai asko". Froga definitiboa, ordea, konpartsak Iruñeko autobus geltokian duen egoitzan aurkitu dute: Mondragon orkestraren kasette bat eta koran bat. "Hortxe lotura, M-11ko atentatuekin!" adierazi du Etxettipiak.

Erreakzioak

Iruñeko peñen federazioak eta SOS Arrazakeria taldeak agerraldi bateratua egin dute, atxiloketak salatzeko eta erraldoien errugabetasun printzipioa errespeta dadin exijitzeko. "Publikoa eta agerikoa izan da erraldoien jarduna beti. Operazio honek ez du hankarik ez bururik".

UPN, PP, PSN, Ciudadanos eta VOX-Navarrrra alderdiek, berriz, "errespetu osoa" adierazi diete Foruzaingoari eta justiziari. "Yihadismoaren mehatxua gero eta argiagoa den honetan, Nafarroatik urrun nahi ditugu islamismoaren ikur guztiak", esan du Nieves Cipres VOXeko buruak. "Hau guztia jakinda, ez ditut nire seme-alabak erraldoiak eta kilikiak ikustera eramanen".

Hain zuzen, kiliki eta buruhandiek elkartasuna adierazi nahi izan diete atxilotutako lankideei. "Profesionaltasunez egin dute beren lana. Goizean goiz etortzen ziren probasaioetara, ez zuten istilurik sortzen... Oso harreman ona izan dugu beti", azaldu du Caravinagrek.

Azkenik, Iruñeko Kultura zinegotzi Fermin Alonsok (UPN) azaldu du konpartsaren etorkizuna ez dagoela kolokan: "Kilikiak, buruhandiak, zaldikoak eta erraldoi europarrak aterako dira sanfermin hauetan, tradizioari eutsiz". Hala ere, laguntza eskatuko diete Logroño, Zaragoza eta Gasteizko konpartsei, gutxieneko erraldoi kopurua betetzeko. "Biltegian dituzten erraldoi zuri, kaukasiar eta politikoki zuzen guztiak igortzeko eskaera egin diegu".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!