Iruñeko Udalak Noaingo aireportura eramanen du Gora Iruñearen jaigunea sanferminetan

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroa Wow 2015ko mar. 27a, 12:47
"Aireportuaren galera ekonomikoak arintzeko asmoz" hartutako erabakia dela jakinarazi du Enrique Maia alkateak. Gora Iruñeak gogor kritikatu du neurria.

AENA erakundeak gaur argitaratutako txostenean azaltzen denez, Noaingo aireportua da Espainian galera handienak dituenetako bat: urtero, 10,5 milioi euro baino gehiago galtzen ditu. Egoera irauli nahian, akordioa sinatu dute Iruñeko Udalak, Nafarroako Gobernuak eta AENAk, Noaingo aireportuko pistan bestelako ekitaldiak antolatzeko. Lehenbizikoa aurtengo Sanferminetan ikusi ahal izanen dugu, Gora Iruñearen jaigunea, txosnak eta guzti, aireportu pistara mugitzea erabaki baitu udalak.

"Kolpe bakarrez, bi arazo konpondu ditugu: azpiegitura finantzatzen lagunduko dugu, beste erabilera bat emanen diogu ia hegazkinik ez duen aireportuari, eta aldi berean, iruindar peto-peto eta zintzoontzat desatseginak diren vasco zalapartatsu horiek urrutira bidaliko ditugu", adierazi du Iruñeko alkate Enrique Maiak.

UPNk, PPk eta PSNk begi onez hartu dute erabakia, baina Gora Iruñeak gogor kritikatu du neurria: "Beti bezala, jai alternatiboak hirigunetik aldendu nahi dituzte", esan du plataformako bozeramaile Endika Lakueik. "Ez dituzte, ez, entzierroak Noainera eramanen!".

Hala ere, UPNren itxikeria ikusita, Iruñeko kolektibo herrikoien plataformak erabaki du udalaren eskaintza onartzea, eta egitaraua  aireportuak eskaintzen dituen aukeretara egokitzea. Hala, aurtengo jai gune alternatiboari izen berria emanen diote: Gora Iruñeak "Jaireportua" proposatu du, baina Iruñeko Udalaren asmoa da gunea "Gora Iberia" izenarekin birbataiatzea. Egitarauaren zirriborro bat ere eskuratu ahal izan du NAFARROA WOW-k:

Uztailak 6

-Txupinazoa kontrol dorretik.

-Duty-free poteoa

Uztailak 7

-Check-In eta ontziratzearen arteko prozesio alternatiboa (5-6 ordu gutxienez)

-Entzierroa (Fiteroko kuarteleko 6 guardia zibilen ukuiluratzea)

Uztailak 8

-Txikientzako ikuskizuna: Txirri, Mirri eta Txiribiton Jr. Tortolika hegazkinean

Uztailak 10

-Kontzertua: Egan.

Uztailak 14

-Gaixoa ni, larrialdiko bengalekin.

Uztailak 15

-Airbusaren entzierroa

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!