NUPek larunbat honetan egingo du Arrosadiko campusean programatutako Ateak Zabaltzeko bi egunetatik lehena

Erabiltzailearen aurpegia Nafarroako Unibertsitate Publikoa 2015ko api. 16a, 19:45

Programan titulazio hauen aurkezpen saioak daude: Osasun Ikasketak, Zientzia Juridikoak, Giza eta Gizarte Zientziak eta Ekonomikoak

Nafarroako Unibertsitate Publikoak Arrosadiko campusean programatu dituen Ateak Zabaltzeko Egunetako lehena egingo du larunbat honetan, apirilaren 18an. Saio horiek 2015-16 ikasturtean Unibertsitatean hasi nahi duten Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleei zuzenduta daude. Ateak Zabaltzeko Egunak antolatzen dituzte ikastegiek eta titulazioek, eta zabalik daude ikasleentzat eta haien gurasoentzat.

Larunbat honetako egitarauan titulazio hauei buruzko informazio-saioak izango dira: Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolako titulazioei buruz (Erizaintza eta Fisioterapia), Zientzia Juridikoen Fakultateko titulazioei buruz (Zuzenbidea, Zuzenbide eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradu bikoitza eta Lan Harremanak eta Giza Baliabideak), Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatekoei buruz (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Gizarte Lana eta Soziologia Aplikatua) eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatekoei buruz (Ekonomia, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza, Ekonomia eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako nazioarteko programa elebidunak, eta Ekonomia eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradu bikoitz eta elebiduna).

Jardunaldiaren barruan informazio hitzaldiak egin eta laborategiak eta lantegiak erakutsiko dira (osasun arloko karreren kasuetan), bai eta unibertsitateko gainerako instalazioak ere (Liburutegia, Errektoretza...). Halaber, horretarako interesa daukatenek kirol instalazioak eta Urkiak Unibertsitate Egoitza ikusteko aukera ere izango dute.

Jardunaldia goizeko 10:00etan hasiko da hitzaldi batekin Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean. Ondoren, Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatea, 10:30ean; Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatea, Gizarte Laneko eta Soziologia Aplikatuko graduei buruz, 11:30ean;  Zientzia Juridikoen Fakultatea, 12:00etan; eta berriz Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatea, Haur Hezkuntzako Irakasle eta Lehen Hezkuntzako Irakasle Graduekin, 12:30ean. Eskolak emateko orduak eta ikasgelak kontsultatzeko daude NUPen webgunean.(www.unavarra.es).

Ateak Zabaltzeko Egunetako azkena apirilaren 25a, larunbata, izango da. Informazio-saioak titulazio hauei buruz izango dira: Nekazaritza Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko graduei buruz (Elikagaien Prozesuen eta Produktuen Berrikuntza Gradua eta Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza Gradua), eta Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikokoei buruz (Ingeniaritza Mekanikoa, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa, Ingeniaritza Mekanikoaren Diseinua, Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritza eta Ingeniaritza Informatikoa).

Inskripzioa ekainean egingo da

2015-2016 ikasturtean Gradu ikasketak Nafarroako Unibertsitate Publikoan hasi nahi dituztenek ekainaren 16tik 25era bitartean egin beharko dute aurreinskripzioa. Ikasleek Interneten bidez egin behar dute inskripzioa NUPen webgunean (www.unavarra.es), eta egin nahi dituzten gradua edo graduak idatzi beharko dituzte, gehienez ere lau, lehentasun ordenaren arabera. Onartuen zerrendak uztail hasieran jarriko dira jendaurrean, eta, hil horren erdialdera, ohiz kanpoko inskripzio epe bat irekiko da, hutsik geratu diren ikaspostuak betetzeko. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!