Dirua

Erabiltzailearen aurpegia Josetxo Azkona 2017ko api. 5a, 18:25

Urrezkoa izan zitekeen, bai; baina ez zen horrelakoxea izan, zilarrezkoa baizik, erromatarrek, zehatz-mehatz, asmatu zuten txanpon jakin bat, “denarius” izendatu zutena, hain xuxen. Hori horrela, “denarius” horretatik “diru” hitza eratortzen da euskaraz,  hala nola “dinar” arabieraz, “denaro” italieraz eta “dinheiro” portugesez.

Jakina denez, sosa ere deritzo diruari euskaraz, zeina antzinako moneta bat izan zen, bost zentimoko balio zuena. “Sos baten mina eta bi sosen lotura”, dio esaera zaharrak. Baina, funtsean, zer da sosa? Zer da dirua?... Munduaren gakoa da dirua. Bera omen da sarraila guztiak zabaltzen dituen gailua. Hirutasun Santua bezain egiazko eta ulertezina ere bada dirua, baldin eta, egiazki, fededun suharra bazara. Baina dirua kontagai dugularik, fede bertsukoak bide gara guztiok, edo gehientsuok, bai behintzat. Apostata, eszeptiko, ateo eta sinesgabe gutxi, beraz, diruaren inguruko sinesmen, praktika eta jardutean. Sosa saskitaraka egin duen dirudunak, diruz eta sosez gainezka dabilenak,  beti ohi du dirua pentsakizun eta eginkizun; dirutan eskas edo xemaikorik ez duenak izaten ohi duen gisan. “Osasunik ezin da dirutan erosi; Osasunak, ordea, dirua bildu, bota, galdu, xahutu, eralgi, ezkutatu, iruzur egin eta, finean, ustez… erruz ebatsi. Dirua da, oroz gain, zibilizazio sortzaile eta ekarle: harriz, ezpataz, sotanaz, bolboraz, eta baita bonbaz, kalashnikov-ez, misilez edota dronez badakar ere. Diruari esker den-dena lortzen dena, zoriona barne, uste duenik bada. Horietako ugarik, zoriona galduz dena egiten amaitzen dute, diruak eraginda. Hainbeste diru daukazu, hainbeste balio duzu. Zenbat eta diru gehiago eduki, orduan eta gehiago… maiteko zaituzte.  Schopenhauer-ren arabera, itsako ura bezalakoxea da dirua; zenbat eta ur gehiago edan, orduan eta egarri gehiago ematen du hark. Horregatik, hain justu, diruaren egarri, edalearen itolarri eta galgarri. Irakurri berri dut Dalai Lamak zera esaten zuela: zera, “Ez, ez dut mendebaldeko jendea ulertzen. Lehenbiziki, osasuna eskuratzen dute diruaren truke, eta gero, urteak aurrera joan ahala, dirua eskuratzen dute… osasunaren truke”. Ez zitzaion, ez, arazorik falta budisten buruari, alajaina! Diruak, izan ere, espiritu eta bihotz gehiago suntsitu ohi ditu, izaniko gerra guztiek gorputzak baino gehiago. Zezen dirudunari Jaun Txit Zezena esaten diote, behi dirudunari Andre Txit Behia deritzoten moduan. Zezen-Behi jaun-andreok! Egun on, egun on! Zaretela ongi etorriak Inbertsio Banketxe gurera! Den negu, den uda, dirua zein sosa beti da gure lagun ona! Eseri, mesedez, eta goza ezazue diru doinuaz!: “Txintxin, txintxin, diruaren hotsa, harexek ematen digu, maitea, bihotzean poza!”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!