Haurtzaroa

Erabiltzailearen aurpegia Josetxo Azkona 2017ko mar. 9a, 20:14

Harako hark esaten zuen gizakiak duen aberri bakarra bere haurtzaroa dela. Bego, bego horretan. 

Aberriak, baina, askotarikoak izaki, batzuk atseginak dira, bizitzeko egokiak, eta bestetzuk, berriz, deserosoak, traba eta eragozpen bilakatzen direnak haietan bizi direnentzat. Nolanahi den, aberria, berau edozein delarik ere,  gorabeheratsu fortunatzen da gehienetan, norberaren haurtzaroa bezalaxe. Haurrak, deus baino lehen, ez daki zer den haur izatea, haurtzaroa zertan den ere ez dakien gisa. Eta hori du, hain xuxen, bere alde. Horrela bada, zorioneko ezjakinean murgilduta bizi ohi da haurra jaioz geroztik. Ai, zein zoriontsua, baina zein tolesgabea den haurra orduan! Elurra baino zuriago!  Era berean, haurtzaroa da giza bizitzaren lehenbiziko aldia, jaiotzatik nerabezarora doan denbora, han non, besteak beste, xalotasunak, jakin-minak, saiakuntzak, sormenak, senak eta jolas-nahiak eratzen laguntzen baitute unean uneko haur hori, zeina etorkizunean gizaki nerabe, gazte, heldu eta zaharra izanen baira. Ogia eta Maitasuna dira, halaber, ezinbesteko lehengaiak edozein umerentzat. Haurrak gerora ikasiko du, heldutasunera iritsita justuan, zer der haurtzaroa, noiz eta, ordurako ziurrenik, jolas egiteari utzi dioenean eta gauzek jada ez duten hura miraritzen haur denboran bezala. Ai, galdutako paradisutzat hartuko dute zenbaitek joandako haurtzaro hura, eta kaka-zaharreko infernutzat hartuko dute beste batzuek, berriz, hainbestetan. Badira esne-mamitan jaio eta hazitako haurrak, denetik eta soberan dutenak, eta ezezko biribila sekulan ere jasotzen ez dutenak. Pozez gainezka, harrokeriaz eta lainezaz beterik egonen dira haien gurasoak, dakitelakoz, sinpleki esanda, haur mimatu horiek beren burua beti ikusiko dutela islaturik guraso horien ispilu eta ondasun-bidean utzitako uberan. Badira, kontrara, eskasian jaio bai, baina goxotasunean hazitako haurrak, denetik eta soberan deus ez dutenak, eta hamaika ezezko jaso eta premia gorriak dituztenak. Halere, haien gurasoen maitasun adierazpide zerrenda luzea dute pozbide eta ondareen ordezko. Beharra gidari darabilte haur horiek beren ibilibidean. “Aylan Kurdi” izena duten haur ugari daude munduan barrena. Hondartzan itota ageri dira haur horiek maizenik, edo lehorrean hilak edo erkinduak, goseak, egarriak edota gaixotasunak joak. Badira meategi, lantegi, harrobi eta beste eremu-lan batzuetan ordu mordoa jardunean penatzen diharduten makina bat haurrek, esklabo gisa. Badira tratu  txarrak pairatzen dituzten haurrak, ustez gehien maitatu behar lituzketeenek, haien gurasoek alegia, eragindakoak. Badira beren gorputza bonbez josita beren bizia galtzen duten haur-suizidak; pederasten eraso sexualak sufritzen dituztenak; objektu modura saldutako haurrak; gaixotasun larririk dutenak. Badira Izar izeneko neskatikoak beren aitaren  labankadak jasaten dituztenak… Ai, galdutako paradisu hura, gozokiz beteriko aberri zoriontsua! Ai, kaka-zaharreko infernua, lur gozakaitzez estaliriko aberri penagarria!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!