Zergatik izaten dugu azkura gehiago hazka egiten dugunean?

Erabiltzailearen aurpegia Jon Mattin Matxain 2017ko mar. 13a, 19:21

Azkar erantzunda: Serotonina neurotransmisorearen eraginez gertatzen da hau. Baina, zer da azkura? Zergatik gertatzen da? 

Zergatik hazka egitean plazera sentitzen dugu, baina berehala azkura berriz hasten da, indar gehiagorekin? Ikusten denez, galdera asko egin ditzakegu azkuraren inguruan. Garrantzi gutxiko galdera dela pentsa daiteke, baina erantzunak ez dira horrelakoak. Azkuraren zergatia eta honen inguruan gertatzen diren prozesuen ulermena oso garrantzitsua izan daiteke azalaren hainbat gaixotasunen aurka erremedio eraginkorrak bilatzeko, hala nola psoriasia (adibide gehiago?)

 

Hasieratik hasiko gara: zer da azkura? Sentsazio ezatsegina da, hazka egiteko gogoa eragiten duena. Azalaren zelula batzuen ala hauen azpian dauden nerbio-zelulen narritadurarengatik sortzen da, eta narritadura edo irritazio honek jatorri asko izan ditzake: alergiak, eguzki-erredurak, urtikariak, intsektuen ziztadak, azal lehorra, psoriasia, elgorria eta abar.

 

Narritadura hau gertatzean, nerbio-zelulen bidez garunera heltzen zaigu, eta instintiboki hazka egiten dugu. Hau egitean, mina eragiten dugu azalean (azkura genuen zonaldean eta ingurukoan). Honen aurrean, garunak serotonina neurotransmisorea jariatzen du, minaren aurka. Serotonina analgesikoa da, baina azkura handitzen du. Horrela, hazka egiteko gogoa handitu egiten da. Gure buruak sortutako analgesiko, lasaigarri hauek hazka egiteak sortutako mina baretzen dute, baina azkura gehiago ematen dute, zikloari jarraipena emanez...

 

Serotoninaren paperaz konturatu ziren duela gutxi EEBBko ikertzaile batzuk. Bi sagu multzorekin egin zuten esperimentua. Batek serotoninaren produkzioa blokeatuta zuen eta besteak ez. Esperimentuan, azkura sortzen duen substantzia bat sartu zieten saguei, eta serotonina produzitzen ez zutenek askoz ere gutxiago hazka egiten zutela ikusi zuten.

 

Hau jakiteak azkura kronikoa pairatzen duten gaixo batzuen azkura kontrolean eragina izan dezake (batez ere umeak, izugarrizko sarraskiak eragiten baitute bere azalean). Hala ere, gizakiengan serotonina produkzioa blokeatzea ez da alternatiba, molekula hau prozesu askotan parte hartzen duelako: hazkundean, hezurren metabolismoan, umorearen erregulazioan, eta minaren kontrola. Gaixo kronikoentzat alternatiba izan liteke serotonina eta azkura sentsazioa sortzen duten zelulen arteko komunikazioa blokeatzea. Horrela, serotoninak ez luke galduko beste funtzioak. Horretan gehiago ari dira ikertzen.

 

Gaixotasun kronikorik ez dugunok, zer egin dezakegu alternatiba gisa? Hazkarik ez egin. Baina badakigu esperientziaz hau oso zaila dela... Azkura badugu eta ez badugu hazka egiten, urduritasuna handitzen zaigu. Horrela, azkurari arreta gehiago eskaintzen diogu. Okerrago oraindik, arreta gehiago eskainita, lehen konturatzen ez ginen intentsitate baxuko beste azkurak nabaritzen hasten gara. Horrela, azkurari arreta asko jarrita, gorputzeko beste atal asko hasten zaizkigu azkurarekin... gero eta gehiago! Nork aguantatzen du hazka egin gabe?

 

Kuriositateak:

 

  • Azkura gogaikarria izan daitekeen arren, ez dugu ahaztu behar mekanismo babeslea dela, azaleko beste sentsazioak bezala, hala nola, ukimenaa, mina, beroaren sentsazioa...

Serotonina moduko analgesikoez aparte, gorputzak sortutako beste molekula batzuk ere sor dezakete azkura. Adibidez, eltxo batek zizt egitean, gorputzak histaminak sortzen ditu hauen aurrean, eta hauek azkura sorrarazten digute. Alergien kasuan, antzera. Horregatik, anti-histaminikoek laguntzen digute azkura sentsazioa jaisten ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!