Iruñerriko euskaldunon agerkaria
euskalerriairratia.eus

Belaunaldi berria

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Irisarri 2017-04-04 15:58   Iritzia

Heldu den maiatzean iloba batek alaba izanen du, eta, beraz, osaba zaharra izanen naiz lehenbiziko aldiz.
Kontu pozgarria da dudarik gabe, eta gogoeta egiteko bide zabala eskaintzen duena. Izan ere, nolako mundua aurkituko du neska horrek?
Dudarik ez da oso bestelako mundu bat aurkituko duela nik haurtzaroan ezagutu nuenaren aldean. Zaila egiten zait erabakitzea mundu hobea edo okerragoa aurkituko ote duen. Ziur asko, makurragoa zenbait arlotan, askoz hobea beste batzuetan.
Baina aste honetan, ezin bestela izan, kontu bat etortzen zait burura. ETArik gabeko lehen belaunaldiko alaba izanen da.
Badakizuenez, ETAk armak entregatuko ditu datorren larunbatean Baiona aldean. Nire bizialdi guztian egon da presente ETA eta haren inguruan sortutako indarkeria-espiral lazgarria, berrogeita hamar urte inguru dituzten beste gainerakoei gertatu zaien bezala.
Nolako min izugarria utzi duen biktimen familiengan; nolako erantzun bortitzak etorri diren indar polizial eta parapolizialetatik; nolako ika-mikak sortu diren familietan eta euskaldunon artean; nolako oinaze itoa izan den seme-alaba militanteen ideiekin bat ez zetozen aita-amen isilean…
Armek armak erakartzen dituzte, eta indarkeriak indarkeria; ikasiko ahal dute sikiera hori belaunaldi berriko seme-alabek!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa